Aiaraldeko Gure Esku Dagok oharra zabaldu du, "honetatik ere onik aterako garela aldarrikatzeko". "Euskal Herriko kaleak eta enparantzak, bideak eta errepideak hartu behar ditugu hemen gaudela esateko", erantsi du Kepa Barañano kideak. Amore emateko hautua alboratu du, eta Gure Esku Dagoren konpromisoa berretsi: "Inoiz ageri izan bada argi, orain are argiago, hemen erabaki, herritarrok erabaki gure leloaren indarra eta egokitasuna".
Pandemiari aurre egiteko elkartasuna beharko da, haren iritziz, "euskaldunok egiten dakigun eran". Hala, Aiaraldeko Gure Esku ekingunetik, elkarlana sendotzen hasteko deia luzatu diete herritarrei. Ildo beretik, "Hamaika gara" elkargunea osatzen duten eragileei (Euskal Herrian Euskaraz, LAB, HIRU, STEILAS, Euskal Herriko BIlgune Feminista, AEK, Neka, Gure Esku, EHNE, Kontseilua, Ikastolen Elkartea, Olatukoop, Sare, Euskal Herria Kirola, Etxerat....) saretzeko gonbita helarazi diete, "sendotzen hasi gaitezen".