Maiatzaren 14an aldatu zuen Osakidetzak COVID-19 birusak kutsatutako herritarren berri emateko eredua. Gauzak horrela, maiatzaren 12an baieztatu zuen azkenengo aldiz positibo berria Aiaraldean. Edonola ere, osasun sistema publikoak jakinarazi duenez, atzo kasu berri bat baieztatu zuten Urduñan.
Maiatzaren 14tik gaur arte, ez da gaixo berririk agertu eskualdean. Izan ere, Osakidetzaren txosten aldaketaren ondotik, eri berriak dituzten udalerriak soilik aipatzen dira informeetan. Gauzak hala, maiatzaren 19 arte ez da kasurik detektatu bailaran; atzo arte.
Kasu bakarra 5 egunetan eskualdean
Osakidetzaren arabera, azken 5 egunetan Urduñakoa izan da kutsatu berri bakarra. Lehen Osakidetzak positibo guztien datuak zabaltzen zituen -gaixotasuna gaindituta egonda ere-, baina orain soilik adierazten du zeintzuk dauden benetan uneotan gaixorik.
Aiaraldea Hedabideak jakin duenez, test serologikoa baliatuta, positibo berriak jaso dira, baina gaixotasuna gaindituta egonik ez da informazioa agertzen.
Horrelako dozenaka kasu eman ziren azken asteetan Aiaraldean, eta zenbaketa orokorrak gora egin zuen nabarmen horren ondorioz, nahiz eta identifikatzen ziren positiboak zaharrak izan. Esaterako, apirilaren 28an eta 29an 77 kasu diagnostikatu ziren, baina zaharrak izan ziren gehien-gehienak.