Maiatzaren 25ean irekiko dituzte ateak zenbait ikastetxek Aiaraldean, EAEn osoan bezala. Edonola ere, eskualdean ikasle kopuru urria dago deituta klasera jotzeko eta parte hartzera eta, printzipioz, borondatezkoa da.
Hori ez ezik, aintzat hartu beharra dago ere zentroak ez direla prest egongo maila guztientzat, baizik eta Batxilergoko 2. mailakoentzat, Lanbide Heziketako Goi mailako 1. eta 2. ikasturtekoentzat, Lanbide Heziketako gradu ertaineko 1. eta 2. kurtsokoko kideentzat, eta DBHko 4. mailakoentzat.
Horri, aldi berean, gehitu behar zaio ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak eskumena duela erabakitzeko zer egingo duen.
Ikastolak
Gauzak horrela, Aresketa eta Laudio Ikastolek erabaki dute, zuzenean, ez irekitzea. Izan ere, prebentzio eta segurtasun neurriak bermatzea ez da hain erraza izango.
Laudio Institutua eta Laudioalde
Laudio Institutuko zuzendaritzak jakinarazi du, euren kasuan, 2. Batxilergoko ikasleei soilik proposatuko dietela klasera joatea, azterketa batzuk egiteko. “Hori da gure lehentasun osoa eta gainerako maileei azken asteetan talde txikietan azterketak egiteko aukera emango zaie, baita tutoretzak izateko ere”, adierazi dute hezkuntza zentroko kideek.
Laudio Institutuak 3 gune prestatu ditu ikasleak egoteko: “Ohiko gelak ez dira behar bezain handiak gazteen taldeak barruan egoteko.Hortaz, gimnasioan, teknologia gelan eta plastika gelan egongo dira. Ibilbide bereziak sortu ditugu pasilloetan ikasleak ez gurutzatzeko eta jolastokia ere guneetan banatu dugu”.
Laudioalde Lanbide Heziketako ikastetxeak ere jarduera murriztua izango du. Zuzendaritzak azaldu du errepaso klaseak eskainiko dituztela zikloetan eta Lanbide Hezkuntzan daudenentzat.
Hala ere, ikasgai gutxi landuko dira, azterketak egiteko beharrezkoak direnak bakarrik. Ordutegia 09:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da eta sarrerak zein irteerak modu mailakatuan antolatuko dituzte, birusaren zabalpena ekiditeko.
Zaraobe Institutua
Zaraobe Institutuan antzeko erabakia hartu dute: Lanbide Heziketako ikasleak joango dira astelehenetik aurrera, errefortzurako klase praktikoak jasotzeko. Batxilergoko ikasleak, aldiz, ekainaren 1etik aurrera hasiko dira klase presentzialekin, hauta proba egin behar dutenek, batez ere.
"DBHko ikasleek, aldiz, ez dute klasera etorri beharko", jakinarazi du Roberto Marinek. Segurtasun neurriak bermatuko dituztela adierazi du Zaraobeko arduradunak: "klaseak banatuko ditugu gehienezko jende kopuruaren langa ez gainditzeko, eta ikasleek maskarak ekarri beharko dituzte".
Antzinako Andra Mari
Urduñako Antzinako Andra Mari ikastetxeak iragarri du Kristau Eskolakeko irizpideak jarraituko dituela eta jarduera mugatua eskainiko duela. Hau da, DBH 4. mailako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak soilik joango dira hezkuntza zentrora azterketak egitera -ez ohikoak direnak edo ikasgaiak gainditzeko errekuperazioak- eta errefortzurako klaseak jasotzera. Klase telematikoetaz gain, arreta berezia behar dutenek ere izango dute aukera joateko.
Protestak
Gogoratu beharra dago, gainera, sindikatuek greba deituko dutela osasuna bermatzen ez diren ikastetxeetan, eta hainbat ikasle eragilek ikastetxeetara ez bertaratzeko deia ere zabaldu dutela.