Gaur plazaratu ditu Osakidetzak atzoko datuen txostena, Covid-19 birusari dagokionez. Osasun sistema publikoak jakinarazi du atzo 2 positibo berri detektatu zituela eskualdean, biak Laudion, alegia.
Berez, eskualdean erregistratutako azken kasua Urduñan izan zen, zehazki, asteartean. Hori baino lehen, maiatzaren 12ra jo beharra dago kasu berriak topatzeko Aiaraldean. Hain zuzen,, egun horretan positibo bakarra egon zen eta Laudion ere izan zen.
Aintzat hartuta Osakidetzak maiatzaren 13tik 15era ez zuela txostenik zabaldu eta, hortaz, ezinezkoa dela ziurtatzea egun horietan kutsatu berririk ez zutela identifikatu Aiaraldean. Edonola ere, bermatu daiteke Osakidetzak maiatzaren 15etik 21era bitartean soilik erregistratu dituela 3 kasu.
EAEri dagokionez, atzo 117 lagunek eman zuten positibo, baina bakarrik 13 izan ziren berriak; 4 Araban, 8 Bizkaian eta beste bat erkidegotik kanpokoa. 2.920 herritarri egin zizkieten probak.
Guztira, EAEn 19.254 kasu topatu dituzte; 7.558 Bizkaikoak, 2.994 Arabakoak eta 2.313 Gipuzkoakoak (PCR tekniken arabera). Oraindik 669 gaixo bajan daude eta 36 ospitaletako ZIUtan. Atzo 4 herritar hil ziren eta jadanik 1.487 zendu dira.