ERREPORTAJEA

Ikerlariak: zientziaren langile prekarioak

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 26a, 07:00
Prekarietatea salatu dute eskualdeko hainbat ikerlarik. Irudian, Arantza Muguruza eta Itziar Benito. / Aiaraldea.eus

Gizarteak ikerlarien kolektiboa txalotu eta aitortu du, euskal zientzialariek koronabirusa diagnostikatzeko protokoloa ziztu bizian asmatu eta gero. Baina, zein da benetan langile horien egoera? Askok kanpora joan behar izan du eta beste batzuek 1.000 euroko soldatak eta astero 60 orduko lanaldiak salatzen dituzte.

COVID-19 birusak sortutako pandemia Euskal Herrira heldu bezain pronto, Ikerbasque eta EHUko zientzialari talde batek publiko egin zuen gaixotasuna detektatzeko test azkarra garatu zuela. Erakundeek test horiek erabiltzeko asmorik duten oraindik argitu ez bada ere, jende askok nabarmendu zuen tokiko ikerkuntza sistema.

Hala ere, eskualdeko zientzialariek bestelako iritzia dute. Izan ere, horietako askok atzerrira jo behar izan dute euren ibilbidearekin jarraitzeko, eta beste batzuek prekarietatearen ondorioak zuzenean pairatzen dituzte hemen bertan.

Zientzialariak erbestean
Kanpora joan direnen artean Asier Rodriguez dago. EHUn eta Bartzelonan Kimika ikasi ostean, Birminghameko Unibetsitatean ari da doktoregoa egiten, kimika supramolekular ezorganikoa ikertzen: “nire ikerketan material porotsu berriak, -MOF (Metal-Organic Framework) izenekoak- erabili nahi ditugu bakteriek antibiotikoen aurrean duten erresistentzia neurtzeko”.

Laudioarrak aitortzen du Ingalaterrara jo zuela atzerrian bizitzea gogoko duelako eta nabarmendu du EAEn zientzia oso ona egiten dela, estatuko zentro onenetako asko hemen baitaude. Hala ere, begirada apur bat urrunduta, Asierrek ezberdintasun oso nabariak sumatzen ditu: “Atzerrian ikusten da ikerketan diru gehiago mugitzen dela, eta ondorioz, produkzioa asko errazten dela. Ingalaterran ezinezkoa da ikustea laborategi bat non erabilpen bakarreko materiala garbitzen den, EHUko hainbat laborategitan egiten dena, dirua aurrezteko, adibidez”.

Idoia Meaza Isusi, aldiz, Estatu Batuetan dago, Louisvilleko Unibertsitateko Farmakologia eta Toxikologia sailan. Ingurumenera ardura gabe isurtzen diren kutsatzaileak aztertzen eta minbizia sortzen dituztenak ikertzen ditu: “Batetik, ingurumeneko kromo mailak aztertzen ditugu, baleak, kaimanak eta itsas dortokak laginduz. Bestetik, mekanismo molekularrak aztertzen ditugu in vitro, gizaki, kaiman, itsas-dortoka eta baleen zeluletan, kromoak minbizia eragiten duen modua hobeto ulertzeko”.

 

Aiaraldeko ikerlari batzuek 1.000 euroko soldatak eta astero 60 orduko lanaldiak salatu dituzte

 

Hasieran, bere ibilbidea Euskal Herrian bertan jarraitu nahi zuen. "Baina masterra bukatu ondoren EHUko beka eskatu nuen doktoretza egiteko. Prozesuan zehar, gaizki-ulertzeak egon ziren administrazioarekin eta zerrendatik at geratu ginen, nahiz eta ikerketa epaimahiak puntuazio altua eman proposaturiko proiektuari. Beraz, Louisvilleko unibertsitatean masterrean hasitako ikerketa proiektuarekin jarraitzea erabaki nuen”.

Estatu Batuak eta EAE alderatuta,  “aukerak eta zientziaren kalitatea nahiko antzekoak” direla iritzi du laudioarrak. Hori bai, lan baldintzen aldetik zerikusi gutxi sumatzen du bien artean: “Euskal Autonomia Erkidegoan arazo larriena da doktorego eta post-doktoregoko ikasleen soldatak oso baxuak direla eta zientzian lehiakortasuna handia dagoela. Imajina ezazu une batez, astero laborategian 60 ordu baino gehiago lanean egon ostean, 1.000 eurora heltzen ez den soldata duzula lau urtez. Lau urteko prozesu horretan zehar, logikoa den bezala, fisikoki eta mentalki suntsitzen gaituztenaren sentimendua dugu, eta musutruk gainera”. 

Jone Isasti ere kanpoan dago, zehazki, Alemaniako Munster hirian. EHUn eta Bartzelonan ikasi zuen bioteknologia. Zergatik jo ote zuen atzerrira galdetuta, horrela argitu du: “Nire esperientzian doktoretza EHUn egitea ez da erraza, karreran edo masterrean zehar zerbait adostu ez baduzu, gainera eskaintza nahiko mugatua dela esango nuke. Alemanian doktoretza postu bat eskuratzea errazagoa dela uste dut eta eskaintza ugariagoa”. 

Euskal Herrira bueltatzeko asmoa badu, baina ez edonola: “Etorkizunean etxera itzuli nahiko nuke, baina karrera zientifikoaren hasieran hemen egoteak abantaila ugari duela uste dut. Hasteko, hemen lan baldintzak hobeak direla esango nuke, eta soldata altuagoa. Gainera, normalean kontratua bi urte luzatu ahal dizute tesia idazteko edo lan berri bat bilatzeko”. 

Izan ere, lan baldintza ekonomikoetan ez ezik, bestelako esparruetan ere ezberdintasun nabariak sumatu ditu Alemanian Jone Isastik: “Ez dago inolako presio ekonomikorik. Honek ere lanean eragin handia dauka, guri nahi duguna ikertzeko askatasun osoa ematen digu, nahi beste material erabili dezakegu, garestia bada ere. Leioan zein Bartzelonan arazoak izan nituen material berria erosteko momentuan diru faltagatik, eta horrek, azken batean, nire ikerketa mugatu zuen. Beraz, hemen ikertzea errazagoa dela esango nuke eta inpaktu handiko publikazioak egitea ere, batez ere, zuzenean aplikaziorik ez daukan ikerkuntzan”. 


Eskualdeko ikerlari ugarik jo behar izan dute atzerrira lan egitera, ikerketak egiteko baldintza edota aukera hobeen bila

 

Eta etxean zer?
Arantza Muguruzak bioteknologia ikasi zuen, eta gero biologia molekularra eta biomedikuntzako masterra egin zuen EHUn. Egun, neuronen proteina baten ikerketan zentratzen da bere lana: “Neuronetako potasio kanalak zehazki nola funtzionatzen duen jakin nahi dugu, neuronen kitzikapenaren kontrol horrek nola lan egiten duen ikasteko”. 

Horrez gain, mutazioak ere ikertzen ditu, mutazioek potasio kanalaren funtzionamendu egokia nola okertzen duten ulertzeko. Mutazio horiek, neuronetan adierazten diren kasuan, epilepsiarekin erlazionatu dira, gehienbat, umeetan ematen den epilepsian. Epilepsia mota horiek heriotza eragin dezakete, David Cameron Erresuma Batuko Lehen Ministroaren semeari gertatu zitzaion bezala. Epe luzean, bere aurrerapenek farmakoen diseinua ahalbidetu dezakete.

Edonola ere, Arantza Muguruzak arazo larriak sumatzen ditu EAEn zientziaren esparruan: “Alde batetik, ikerkuntza basikorako ez dute diru asko ematen, beti inbertitzen dute ikerkuntza aplikatuan. Dirua ematen duten entitateek ez dute ulertzen zientziak nola funtzionatzen duen. Niretzat oso sinplea da, ez badu funtzionatzen oinarrizko ikerkuntzan, ez du funtzionatuko ikerkuntza aplikatuan, funtsezko kontzeptuak jorratu behar direlako. Baina, azkenean, denok nahi dugu farmakoak ateratzea, askoz ere erakargarriagoa da”.

Horrez gain, prekarietatea aipatu du Muguruzak: “Ordu pilo egiten ditugu lan, soldata oso eskasa da, oso diru-laguntza gutxi daude...”. Are gehiago, berak beka lortu zuen, baina uste du jende asko dagoela okerrago: “Doktoreak diren pertsonak gu baino txarrago daude. Kasu ugari ezagutzen ditut, lanaldi erdian daudenak baina zortzi, hamar edo hamabi ordu lan egiten. Hori oso zaila da”.

Zentzu horretan, EAE zientzia oasia dela gezurtatu nahi du laudioar gazteak: “Nahiz eta zientzia bultzatzen dutela esaten duten, ez da egia. Egia da diru asko dagoela, azpiegiturak ordaindu behar dituzte... Baina pertsonak egoera prekarioan gaude. Eraikinak egin eta makinak erosten dituzte, eta horko langileak nola daude?”.

Itziar Benito psikologoak antzeko iritzia du. Biocruces Bizkaian egiten du lan eta burmuinean kolpeen ondorioz gertatzen diren trauma txikiak ikertzen ari da bere tesian: “Bi urterako kontratua daukat, eta gero ez dakit zer gertatuko den. Zorte ona badut, beste ikerketa bat aterako da, dirua sartuko da, eta jarraitu ahal izango dut, baina ez dakigu. Nik horretan jarraitu nahi dut, baina oso zaila da “

Benitoren aburuz ere, “Euskal Herrian eta Espainian ikerketa oso atzeratuta dago”. Hori islatzen da bitarteko ekonomikoetan: “Estatu Batuetan diru pilo ematen diete ikerketak egiteko, hemen memoria ekonomikoa egin behar duzu, eta gero herena ematen dizute. Berrogei pertsona behar badituzu lan bat egiteko, guk hemeretzi ditugu lan bera gauzatzeko. Lorpena ez da berdina. Atzerrian dirua ematen diete bidaiatzeko, ordenagailuak erosteko, erraztasun guztiak. Guretzat ez da horrela”.

Zientzialari eta emakume
Itziar Benitok uste du beste aldagai bat gehitu behar dela ikertzaileen egoerari; emakumeen egoera. “Agian ez da tratuan nabaritzen, baina, adibidez, gure institutuan gehienak emakume gazteak dira, baina ikerlari nagusia, hamar taldetatik zortzitan, gizona da. Emakumeak, ez dakit zergatik, ez dira horra heltzen”.

Beste kasu batzuetan, mespretxua agerikoa da: “Adibidez, beste talde bateko kideak, minbizia ikertzen ari direnak, EiTBko maratoiarekin batera, ikastetxe batera joan ziren. Bi neska gazte joan ziren, minbizia zer den azaltzera. Umeek ea gizona noiz etorriko zen galdetzen zuten”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide