JONE ISASTI

“Alemanian errazagoa da doktoretza postua lortzea”

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 28a, 07:00

JONE ISASTI doktoretza egiten dago Alemaniako Münster hirian. Drosophila eulia du ikergai.

Zer ikasi zenuen eta zertan bilakatu zinen aditu?
EHUn bioteknologia ikasi nuen lehenik eta behin, ez industrian lan egiteko helburuarekin, baizik eta ikerkuntzan aritzeko. Genetikan oso interes handia neukan, baina karreran zehar ez genuen gaia nik nahi beste jorratu. 

Beraz, genetikan masterra egiteko Bartzelonara joan nintzen. Master amaierako lanean Drosophila euliarekin lanean egon nintzen, espeziazioan parte hartzen duten geneak aztertzen. Asko gustatu zitzaidan Drosophilarekin lan egitea, hortaz, doktoretza organismo modelo honekin egitea erabaki nuen.

Zer ari zara ikertzen zehazki?

Oso ikerketa basikoa egiten dugu laborategian, epitelioen eraikuntza eta birmoldaketaren inguruan. Ni Drosophilaren oogenesian gertatzen den prozesu bat aztertzen ari naiz, “Patency” deritzona. 

Lehenengo aldiz deskribatu dugu prozesu hau eulian, baina arrautzak jartzen dituzten beste animali batzuetan ere gertatzen da. Prozesu horretan, oozitoa estaltzen duen epitelioa hiru zelula artean irekitzen da kanpotik datorren gorringoa oozitora heldu dadin. 

Zerk egiten du ikertzen ari zarena bereziki interesgarria izatea?

Garrantzitsua da epitelioak nola eraiki eta birmoldatzen diren jakitea. Izan ere, zelula geruza horiek gorputz eta organoen azala osatzen dute, kanpoaldetik isolatuta. 

Prozesu biologiko batzuetan zelula epiteliarren arteko loturak birmoldatu behar dira, kanpoaldeko zelula edo molekula espezifikoen sarrera ahalbidetzeko. Prozesu hauek ornogabe zein ornodunetan jazotzen dira, baina oraindik ez dago argi nola. 

Drosophilaren obulutegia oso sistema egokia da birmoldaketa hauek aztertzeko eta parte hartzen duten proteinak identifikatzeko. Ebolutiboki urrun dauden arren, euliaren eta ugaztunen artean zenbait proteina eta prozesu zelular kontserbatzen dira. 

Beste animaliekin alderatuta, oso erraza da euliarekin lan egitea, berari buruzko ezagutza handia dagoelako eta dagoeneko tresna ugari daudelako. Gainera, oso azkar garatzen denez, bi asteren buruan generazio berriak lor daitezke, ikerketa merketuta eta erraztuta eta inprobisatzeko askatasun handiarekin. 

Beraz, aurretik esan bezala, Drosophilarekin lan egiteko etorri nintzen hona eta oraindik ere Drosophila bera da niretzat lan honen elementurik interesgarriena.

Zergatik zaude atzerrian eta ez Euskal Autonomia Erkidegoan? 
Doktoretza EHUn egitea ez da erraza, karreran edo masterrean zehar zerbait adostu ez baduzu. Gainera, eskaintza nahiko mugatua dela esango nuke. 

Alemanian doktoretza postu bat eskuratzea errazagoa dela uste dut eta eskaintza ugariagoa. Etorkizunean etxera itzuli nahiko nuke, baina karrera zientifikoaren hasieran hemen egoteak abantaila ugari dituela uste dut. 

Hasteko, hemen lan baldintzak hobeak direla esango nuke eta soldata altuagoa. Gainera, normalean kontratua bi urte luzatu ahal dizute tesia idazteko edo lan berri bat bilatzeko. 

Ez dago inolako presio ekonomikorik. Honek ere  eragin handia dauka lanean, guk nahi duguna ikertzeko askatasun osoa ematen digu, nahi beste material erabili dezakegu, garestia bada ere. Leioan zein Bartzelonan arazoak izan nituen material berria erosteko momentuan diru faltagatik. Horrek, azken finean, nire ikerketa mugatu zuen. 

Beraz, hemen ikertzea errazagoa dela esango nuke eta inpaktu handiko publikazioak egitea ere, batez ere zuzenean aplikaziorik ez daukan ikerkuntzan. 

Gainera, hemen oso gauza normala da ikerketa taldeen arteko elkarlana. Astero 2-3 hitzaldi entzuten ditugu beste institutu, unibertsitate edo herrialdeetatik gonbidatutako zientzialariengandik eta horrek izugarri aberasten du gure ikerketa eta sare bat eraikitzen lagunduko digu, etorkizunean berebizikoa izango dena, akademian jarraituz gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide