Larunbatean plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zentroen irekiera arautzeko dekretua. Bertan zehazten denez, Batxiler osoko, DBH 4. mailako eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle guztiak itzuli beharko lirateke klase presentzialetara, baina Aiaraldean oso ikasle gutxi bertaratu dira hezkuntza zentroetara. Ikasle eragileek klasera ez joateko deia luzatu dute.
Laudio BHI institutuan, bestalde, aurretik zehaztuta zeukaten planarekin jarraitzea erabaki dute. Gauzak hala, Lanbide Heziketako eta Batxilergo 2.mailako ikasle batzuk baino ez dira bertaratu gaur ikastetxera, segurtasun neurriak bete ahal izateko. Datozen egunetan modu berean jarraitzeko asmoa dute, hitzordu eta klase puntualak planteatuta.