29 milioi euro bideratuko ditu Arabako Foru Aldundiak kalte ekonomikoak murriztera

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 28a, 11:00

Barne turismoa bultzatzea izango da helburuetako bat. irudian, Kexaa. / Aiaraldea.eus

Era berean, Arabako Foru Ogasunak beste 248,5 milioi bideratuko ditu zergak atzeratzeko, arintzeko eta beste motatako neurriak aplikatu ahal izateko.

Arabako Foru Aldundiak 29 milioi euro mugiaraziko ditu lurraldean COVID-19aren ondorio ekonomikoak leuntzeko. Horietatik, 18,3 milioi euro zuzenean eta 10,7 zeharka bideratuko dira. Halaber, 248,5 milioi euro txertatuko ditu  bere partetik Arabako Foru Ogasunak zergak atzeratzeko, arintzeko eta beste hainbat neurri aurrera eraman ahal izateko.

Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak esan du beste 60 milioi eurotako inbertsioak egingo direla aurten lurraldean, diru-bilketaren jaitsierak lurraldeko politika sozialetan eraginik izan ez dezan.

Aipatutako plan ekonomikoak hamar bloke izango ditu, enplegua ahalik eta hoberen mantentzeko helburu nagusiarekin. Hasteko, 11 milioi euro bideratuko dira Enpresa Ertain eta Txikiak eta autonomoak laguntzeko, likidezia neurriak eta enpresen digitalizazioa aurrera eraman ahal izateko, hain zuzen ere.

Enplegua sustatzeko milioi bat euro erabiliko dira. Esaterako, diru-laguntzak emango zaizkie emakumeei eta 45 urtetik gorakoei kontratazio mugagabeak egiten dituzten enpresei. Zerga arinketak ere egingo dira, helburu berarekin. Etxebizitza eta komunitateen berritze lanak egiteko zergak murriztuko dira, baita garaje partikularretako eta bizilagunen komunitateetako karga elektrikoko azpiegituretarako berrikuntzetan ere. Bestalde, arlo soziosanitarioan, kulturalean eta kirolean “mezenasgoa eta solidaritatea” sustatzeko neurriak aztertuko dira.

Arabako tokiko kontsumoa indartzeko bonoak eta saltokietarako diru-laguntzak emango dira, “digitalizazioan eta osasun segurtasunean inbertitu dezaten, besteak beste”. 718.000 euroko inbertsioarekin 1,6 milioiko inpaktua espero du Aldundiak. Barne turismoari dagokionez, bonoak eta sektoreko enpresa eta elkarteentzako diru-laguntzak emango dira; 1,5 milioi euroko kostua izango du Foru Aldundiarentzat eta 2,4 milioi mugituko ditu.

Tokiko produktuen kontsumoa indartzeko, hainbat motatako ekintzak burutzeaz gain, elikagaiak erosteko bonoak eta zerga laguntzak eta, azpisektore kaltetuenentzat, zuzeneko diru-laguntzak emango dira; 10,5 milioi euro mugitzea espero da.

Ingurumen jasangarritasunerako milioi bat euroko inbertsioa egingo da. Azkenik, kulturaren sektorea indartzeko kultura bonoak eta diru-laguntzak emango dira Arabako kultura eta sormen talde eta industrientzat. Krola ere bultzatuko da atal horretan. Milioi bat euro bideratuko dira guztira alor horietara. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide