Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituan egongo dira Urduñako eta Aiarako lasterketak, udazkenean

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 2a, 11:22
Aiarako mendi duatloia ere Euskal Herriko zirkuituan egongo da. / Aiaraldea.eus

Irailean eta urrian izango dira eskualdeko frogak. Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituak atzo aurkeztu zituen data guztiak.

Aiaraldeak tarte handia izango du 2020ko Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituan. 10 proba barne hartuko ditu aurtengo txapelketak, eta horietako bi eskualdean izango dira.

Urduñan izango da lehenbizikoa, eta Arespalditzan bigarrena. Zehazki, irailaren 19an antolatuko dute kirol jarduera Urduñan, eta urriaren 17an Aiaran.

Euskal Herriko lehiaketaren antolatzaileek sare sozialetan azaldu dutenez, aspaldi prestatu zuten egutegia, baina orain arte ez dute plazaratu Covid-19 birusak eragindako ziurgabetasunagatik: "Azken egunetan jaso ditugun instrukzioek baikorrak izateko bidea eman digute".

Hala ere, ez dituzte hitzordu guztiak zehaztu, "Adunako probari ez diogu datarik jarri egutegia zabalik baitago eta beste probaren bat sartuko balitz dataz aldatu beharko genukeelako". Alabaina, Adunakoa izango da zirkuituko azken norgehiagoka.

Egoera medio, parte-hartzaileen babesa eta segurtasunari lehentasuna emango diote. Horren adibide da arriskuak arintzeko aplikatutako protokoloa: "Koronabirusa kutsatzeko arriskuak murrizteko tresna gisa erabiliko da ekitaldi guztietan. Gida hau dokumentu bizia izango da, eta bertsio berrietara egokituko beharko da Osasun Ministerioak eta gainerako agintari eskudunek kirolaren konfinamendu deseskalatze faseetarako eman ditzaketen arau, jarraibide eta gomendio espezifikoetara".

Adibidetara ekarrita, dortsala jasotzerakoan, irteera gunean, boxetan, anoa postuetan zein helmugan jokabide berriak arautuko dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide