ERREPORTAJEA

Etorriko diren murrizketei aurre egiteko prestatzen ari dira udalak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 4a, 07:00

Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, udalekin izandako bilera batean. / Arabako Foru Aldundia

Gero eta argiago dago koronabirusaren krisiaren atzetik krisi ekonomikoa etorriko dela. Instituzio publikoak hasiak dira horri begirako aurreikuspenak eta neurriak hartzen, eta egoerak eragin zuzena izango du tokiko erakundeen gaitasun ekonomikoan. 

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez udal bakoitzari ematen zaion dirua murriztuko dela jakinarazi dute Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek, bakoitzak bere aldetik. %20-25eko jaitsiera izango dela kalkulatu dute, ehuneko zehatzak oraindik zehazteke dauden arren (zergen bidez lortzen den diruaren araberakoa izango delako). Gainera, beherakada hori hurrengo urteetan ere errepikatuko dela uste dute erakundeek. 

Gauzak hala, udalak hasiak dira finantziazioan egongo den jaitsiera horri nola aurre egin pentsatzen. Eskualdeko bederatzi udalerriei dagokionez, egoera ez da berdina kasu guztietan.

Aiara
Aiaran oraindik ez dituzte aurtengo aurrekontuak onartu. “Ekaineko lehen hamabostaldian onartzea aurreikusten dugu”, azaldu du Gentza Alamillok. Alkateak ziurtatu du udala ekonomikoki osasuntsu dagoela. “Azken urteetan ez dugu zorrik izan”. Gauzak hala, gobernuburuak aurreratu du altxortegitik hartuko dutela beharrezko dirua, eta ez dutela sail bakoitzean  aurreikusitako dirua murriztuko. 

Okondo
Okondoko alkateak, Jon Escuzak, adierazi du oraindik goiz dela murrizketa horiek udalean izango duten eragina zein izango den jakiteko. “Koronabirusaren ondorioei aurre egitea da orain gure lehentasuna”. Escuzak aurreratu du aurrekontuetan zehaztutako diru partidak moldatu beharko dituztela seguru asko, halabeharrez. Gauzak hala, uneko erantzunak emango dituztela adierazi du alkateak, “erantzukizunez jokatuta” betiere. 

Arakaldo
Udalen Finantzaketarako Foru Funtsean iaz egondako soberakinaren banaketa bertan behera utzi du Bizkaiko Foru Aldundiak, diru hori aurten aurreikusten den kolpea leuntzera bideratzeko. Baina Jabi Asurmendik uste du diru hori udalei eman beharko litzaiekeela, eta hala jakinarazi dio Aldundiari gutun baten bidez. “Aurrekontuak onartuak ditugu  dagoeneko, eta diru hori espero genuen”, azaldu du alkateak, “udalak adinez nagusiak dira, eta diruaren kudeaketa ona egin dezakete, ez dugu  Aldundiaren guraso papera behar”.

Foru Funtseko diruaz gain, bestelako murrizketa batzuk ere izango dituztela uste du Arakaldoko alkateak. “Udalerriko hotela publikoa da, eta orain funtzionamenduan ez dagoenez ez gara alokairua kobratzen ari”. Gauzak hala, diru-murrizketa %25era iritsi daitekeela kalkulatu du Asurmendik. “Argi dugu datorren urteko aurrekontuan murrizketa handiak egongo direla, baina hori udal bakoitzak erabaki beharko luke”. 

Arrankudiaga-Zollo
Jabi Asurmendiren antzera hitz egin du Txutxi Ariznabarretak ere. “Bizkaiko Foru Aldundiak izoztu duen dirutik 25.000 euro dagozkio gure udalerriari”. Arrankudiaga-Zolloko alkateak zehaztu du hori ez dela diru asko, baina udalaren gastuak handitu egingo direla aurreikusi du. “Ikastetxeak berriz irekitzeko Jaurlaritzak neurri batzuk ezarriko ditu, eta horien kostua udalaren gain geratuko da”. Gastu estra horiek medio, udal askok “une latzak” biziko dituztelakoan dago Ariznabarreta. “Horrelako inbertsioak ezin dira udalerri txikion esku geratu autonomia ekonomikorik ez dugunean. Ezin digute diru gehiago inbertitzea eskatu, aldi berean diru kopurua murrizten ari zaigunean”. 

Abenduan onartu zituzten aurtengo udal aurrekontuak, eta Ariznabarretak badaki moldaketak egin beharko dituztela, baina nabarmendu du ez daudela prest murrizketak egiteko. 

Artziniega
Artziniegako Udal Gobernuko kideak udaleko diruzainarekin bildu ziren, Aldundiak murrizketak iragarri bezain laster. “Berak proposatu zigun partida batzuk izoztea, aurrekontutik kendu ordez”, azaldu du Unai Gotxi zinegotziak. Oposizioko talde politikoei aurkeztu zieten proposamena, maiatzaren hasieran, eta hilabete honetan onartu nahi dute proposamena. 

Gotxik nabarmendu du udalak aurreikusi gabeko diru-sarrera batzuk izan dituela aurten. “Foru Funtsetik plus bat jaso genuen udal aurrekontuak onartu eta gero, eta diru-laguntza bat ere jaso dugu iaz kaleko argiteria LED sistemara aldatzeagatik”. Hala ere,aurreikusi gabeko diru hori baliatuko ez dutela aurreratu du Gotxik. “Udalaren altxortegia ahalik eta gutxien ukitzen saiatuko gara”. 

Orozko
Orozkoko Udalak, bere aldetik, hainbat moldaketa egin ditu bere aurtengo aurrekontuetan, Aldundiak ematen duen diru kopuruan emango den murrizketa aurreikusita.  “Egungo egoera ikusita, hainbat ekintza gauzatuko dira Hirigintza Arloan, baina ez aurtengo ekitaldirako aurreikusita zeuden guztiak. Izan ere, aurrekontuak doitu behar izan dira koronabirusak eragindako gastuei aurre egin ahal izateko”. 

Gauzak hala, egingo duten lan kopurua murriztu dute: erdira jaitsi dute bideak konpontzeko diru-partida, lau zubiren ordez bi konponduko dituzte eta  eskolako jolasgunea eta herriko haur-parke bat egokitzeko lanak abian jarriko dira, besteak beste. 

Gainontzeko udalerriak
Eskualdeko gainontzeko udalerrietan oraindik ez dute erabaki zehatzik hartu. “Itxaroten ari gara Alarma Egoera eta, bereziki, osasun krisia bukatu arte”, jakinarazi du Laudioko udal gobernuak. Gauzak hala, horren ostean egingo dituzte egin beharreko analisiak, erabakiak hartzeko. Amurrio eta Urduñako Udalek ere ez dute informaziorik eman momentuz. Egoera aztertzen daude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide