ERREPORTAJEA

Udalekuak, jolasteko eta ikasteko bide

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 8a, 07:00

Kokoriko Hezkuntza Faktoriaren udaleku baten irudia. Berria.eus / Foku

Ezohiko uda izango da aurtengoa, koronabirusak bertan behera utzi baititu udaleku gehienak. Zer eskaintzen dute haurren jarduerek, heziketa prozesuan horren garrantzitsuak izateko?

Bitxia da imajinatzea haurrak taldeka jolaserako elkartu ezina. Aiaraldeko herri gehienetan, ehunka haur eta hamarnaka hezitzaile aritzen dira uztailan zein abuztuan udalekuetan. Batzuek, ekimen ibiltariak edo itxiak -loa barne hartzen duten aisialdi eskaintzak- aukeratzen dituzte. Beste zenbaitek, berriz, herri koloniak nahiago dituzte: goizero hiru edo lau orduz udalerrian bertan jolasean aritzea. 

COVID-19 pandemiak nabarmen baldintzatu du udako eskaintza. Euskarabentura, eskoletako egonaldiak zein aisialdi taldeetako plan gehienak alboratu behar izan dira, osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko. Umeek zein gazteek, beraz, zaila izango dute lagun berriak egitea horrelako ekimenetan. 

Ildo beretik, hezitzaile mordoa geratu dira lanik gabe, gazteak nagusiki. Naroa Yarritu da horietako bat. 18 urte bete zituenean hasi zen udalekuetan hezitzaile, “txikitatik joan izan naiz udalekuetara, eta jarraitzea erabaki nuen”. Aurtengo uda “oso arraroa” izango da, artziniegarraren iritziz: “Denbora libre asko izango dut”. 

Udalekuak, ikasketa prozesu
“Udalekuak niretzat irakaskuntza prozesu handia dira”, dio. Umeentzat ez ezik, aberasgarria da hezitzaileentzat ere: “Egunero gauza berriak ikasten ditugu, ikuspegi eta jolas ezberdinak ikusten ditugu; eta bakoitzaren ideiak partekatzen ditugu”.

Haurren begiradatik, berriz, elkarbizitza prozesua da Yarriturentzat, lagun berriak ezagutzen dituztelako, eta esperientzia berriak partekatu: “Oso dibertigarriak dira udalekuak beraientzat. Motibazioa asko lantzen dute, nahiz eta beraiek ez konturatu. Oso pozik egoten dira haurrak, milaka gauza ezberdin egiten dituztelako”.

 

Koronabirusa dela eta, udaleku gehienak bertan behera geratu dira. Guraso eta hezitzaileek horrelako jarduerak beharrezkoak direla nabarmendu dute

 

Jagoba Estrella gurasoa da, eta bi urtez apuntatu ditu alaba-semeak udalekuetara. Artziniegarra izanik, “ahalegin handia” egiten dute txikiei horrelako bizipenak emateko: “Euskaraz bakarrik aritzeko giroa nahi genuen, gure inguruan hori ia ezinezkoa baita; eta Faktorian topatu egin dugu”. 

Apuntatzerako orduan, hizkuntzaz gain jarduerek ere hartu dute pisua, “gure umearen hezkuntzarako oso egokiak direla uste dugu”. Eurentzat ezohikoak izanagatik zaizkie erakargarri, aitortu duenez, “umeek nahi duten artean, guk eramaten jarraituko dugu”.

Aritz Lili Lekanda Kokoriko Hezkuntza Faktoriako kideak, hezitzaile eta guraso artziniegarren haritik jarri du mahaigainean erlazionatzeko beharra: “Udalekuak haurrei beraien parekoekin elkartzeko aukera ematen die, eta aldi berean, herriko jende ezberdinarekin batzekoa”. 

 

Aisialdi eragileek eta udalek bertan behera utzi behar izan dituzte ekimen gehienak      

 

Harremantzearen garrantzia
Jolasa dute ezagutzeko bide, “eta horren bidez bizitzarako hainbat tresna jasotzen dituzte; esperientzia eta sormenaren bidez”. Modu horretan gauza mordoa ikasi daitezke Kokorikoko kidearen iritziz, “eta emozioak landu daitezke”.

Horrez gain, autonomia garatzeko lagungarriak dira udalekuak: “Haurrei askatasunean jarduteko espazioa ematen diete horrelako eskaintzek, heldu baten begiradapean bada ere”. 
Pertsona orok du harremantzeko beharra, Liliren aburuz, “baita haurrek ere”. Hala, enpatia garatzen da: “Ez bakarrik beste pertsonen azalean jartzen direlako, beraien burmuina ere kognitiboki handitzen da, emozionalki beste batzuekin jarduten duten bitartean”.

Balioen lantegi
Erlazioez gain, bestelako baloreak ere sustatzeko balio dute udalekuek. “Hizkuntzaren transmisioa modu ludikoan egiten da, eta oso inportantea da hori: euskararen erabilera sustatzen da eskolatik at. Hizkuntza bat benetan erabiltzeko bizitzako esparru guztietan aplikatu behar da, ez bakarrik hezkuntza formalean. Euskaraz haurrek ondo pasatzen badute, hizkuntza hori erabiliko dute”, azpimarratu du.

Edonondik helduta ere, dibertsioa dute pizgarri: “Horregatik ikasten du haurrak udalekuetan; esperimentatu, sortu eta beste lagun batzuekin erlazionatzeari ekiten diotelako”. 
Helduak edo hezitzaileak, bidelagun izan behar direla pentsatzen du Lilik: “Oso garrantzitsua da udalekuak umeen begiradapetik eta beraien kultura errespetatuta egitea. Umeak (18 urtetik beherako denak) gai dira euren behar eta hipotesiak egiteko, eta behar horiek abian jartzeko. Helduaren funtzioa espazio egokia atontzea da, gauza horiek eman ahal izateko”. Horregatik, Kokorikoren udalekuetan mugimendu librea bultzatzen dute, “haurra gai da berak nahi duena erabakitzeko. Aukerak eman behar zaizkie parte hartze hori garatzeko. Helburuak baino prozesuak hartu behar du garrantzia”. 

 

Jolasaren bidez balio ugari barneratzen dituzte haur eta gazteek: autonomia, enpatia, irudimena, motibazioa...

 

Bestalde, inguruneari erreparatzea berebizikoa deritzo. Natura du horren adibide, eta udalekuak bertan egiteari abantaila andana ikusten dizkio: “Bizia da, ez dago beti berdin. Gaurko putzua bihar lehor egogo da, edo zapaburuak gehituko zaizkio. Zuhaitzari, berriz, hostoak eror dakizkioke… Hortik asko ikasten da. Udalekuek espazio itxietatik ateratzeko aukera ematen dute”. 

Etxealdia,luze
Sozializatzeko beldurra hedatu da zenbait herritarrengan. Horri, haurren egoera gehitu behar zaio: ordubeteko tartea izan dute aste luzez aire librean egoteko. Kokorikoko hezitzaileen ustez, hutsune handia egon da hor: “Urruntze fisikoarekin alboratze emozionala gertatu da, eta hori txikitzen saiatu behar gara. Emozioak landu egin behar dira. Haurrek egoera bortitzak eta gogorrak bizi izan dituzte etenaldian, mugimendu eta jolas aukera gutxi izan dituzte”. Uda gertu dago. Udalekuak, ordea, urruti.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide