ERREPORTAJEA

Nolakoa izango da haurren “normaltasun berria”?

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 9a, 06:00

Eskualdeko bizilagun askok egin dute bat konfinamenduan haurrei kalera irteteko aukera ematearen aldeko aldarriarekin. / Aiaraldea.eus

Hilabete bat baino gehiago eman dute haurrek erabateko konfinamenduan. Egoera jada bideratu den arren, oraindik pauso asko eman behar dira egoera guztiz bideratzeko, eta ikusteke dago nolakoa izango den haurren “normaltasun berria”. 

Hilabete baino gehiago igaro da haurrak kalera irteten hasi ahal izan zirenetik. Ordurako beste horrenbeste denbora zeramaten erabateko konfinamenduan, ezin baitziren erosketak egitera laguntzeko ere atera. Gauzak hala, hezkuntza eragile eta guraso elkarte ugari batu ziren haurrei kalera irteten uzteko aldarrikatzeko, eta presioak eragina izan zuen azkenean. 

Hala ere, egoera ez da guztiz bideratu. Parke eta bestelako azpiegiturek itxita jarraitzen dute, eta kolokan daude datozen hilabeteetarako aurreikusiak zeuden udaleku eta ludotekak. Haurrak ere “normaltasun berrira” ohitu beharko dira, eta bidea ez dirudi samurra izango denik. 

Haur Hezkuntzako zentroetan ugariak dira zalantzak. “Administraziotik ez dute ezer argitu. Orain arte erabili duten irizpidea izan da ikastetxeen autonomia sustatzea, baina ardura beste bati pasatzea da hori”, azaldu du Goretti Escalzak. Bere hitzetan, “unean uneko egoerei” erantzuten ari dira eskoletan, eta egoera “oso berde” dago oraindik. 

 

Haur Hezkuntzako zentroek oraindik ez dakite zein egoerarekin topatuko diren datorren ikasturtean

 

Eskola telematikoak
Alarma egoerak iraun bitartean telematikoki eman dituzte klaseak. Baina sistema horrek arazoak sortzen baditu DBH eta Batxilergoko ikasleen artean, zer esanik ez 0-5 urte bitarteko haurren kasuan. “Umeek oraindik ez dute telematikoki aritzeko gaitasunik, helduen laguntza behar izaten dute. Horrek esan nahi du gurasoak irakasle edo, behintzat, bidelagun bihurtu behar izan direla”, azaldu du Escalzak, “oso eskola zaharreko metodologia da”.

Irakasle laudioarrak ez du datorren ikasturtea oso argi irudikatzen. “Imajinatzen dugu maskarekin itzuli beharko dugula klasera, distantziak mantendu... eta hori Haur Hezkuntzan ezinezkoa da. Frantziako ikastetxe batzuetan eginiko argazkiak ikusi ditugu eta beldurgarriak dira”. Familia batzuek oraindik beldurra dutela gaineratu du Escalzak, “ez dakite datorren ikasturtean seme-alabak eskolara eramango dituzten edo ez. Arriskuarekin bizitzen ikasi beharko dugu. Badirudi gaixotasun hau geratzeko etorri dela. Berarekin bizitzen ikasi beharko dugu, eta apurka pausoak eman”. 

Gauzak hala, “egokitzapen luze eta pertsonalizatua” egin beharko dutelakoan dago Escalza. “Aztertu beharko da zeintzuk diren umeen behar afektiboak. Laguntza eman beharko zaie, bizi izan dutena ulertu beharko dute, kontzientzia hartu. Hitzak jarri beharko dizkiete konfinamenduan izan dituzten emozioei”. 

Era berean, “lagunak berreskuratzen” lagundu beharko dietela uste du irakasleak. “Ume txikiek ez dute harremanekiko guk dugun pertzepzio bera. Irakatsi beharko diegu lagunek hor egoten jarraitzen dutela, ez direla desagertu. Eskola oso sozializazio esparru garrantzitsua da eurentzat”. 

 

Koronabirusak sortutako hainbat egoerek bestelako hezkuntza eredu batzuk planteatzeko balio dezakete. Naturarekiko harremana estutzeko, adibidez

 

Eredu berriak
Hala ere, Escalzak badu baikortasun puntu bat egoera honekiko. Bere ustez, ezegonkortasun guztia haur hezkuntza eredua birplanteatzeko baliatu ahalko litzateke. “Aukera oso ona da horretarako”, ziurtatu du, baina gaineratu du horrek “ahalegin handia” suposatzen duela. "Ez dakit jende guztia prest dagoen beste eskola mota baten alde lan egiteko”. 

Natura jarri du horren adibide. “Honakoa aukera ona izan daiteke umeekin ikasgelatik sarriago atera eta naturarekin harremana estutzeko, aire zabalean askoz zailagoa baita koronabirusaren transmisioak gertatzea”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide