Aiarako Kuadrillan komunikazio eta gardentasun falta dagoela salatu dute Omniak, Okondo Aurrerak eta Aiara Batuzek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 9a, 15:48

Aiarako Kuadrillaren bilkura baten artxibo irudia. / Aiaraldea.eus

Bilera telematikoak ez egitea eta arkitekto tekniko berri bat kontratatu izana kritikatu dute hiru taldeek bereziki. 

Ohar bateratua plazaratu dute Omnia, Okondo Aurrera eta Aiara Batuz taldeek Aiarako Kuadrillako egoeraren harira. Oposizioko hiru taldeek salatu dute tokiko erakundean ez dela bilerarik egin Alarma egoera piztu zenetik.

“Baliabide falta dagoela esan digute, behar den gauza bakarra ordenagailu bat eta Interneterako konexioa den arren”, azaldu dute, eta eskumenak gobernu batzordetik presidentera mugitu direla nabarmendu dute.

“Ez dugu erabaki hori baloratuko, baina ez zaigu egokia iruditzen presidenteak Omnia, Aiara Batuz eta Okondo Aurrerari hartutako erabakien gaineko informaziorik eman ez izana”. Nabarmendu dutenez, oraindik ez dute inolako jakinarazpen ofizialik jaso. 

Hiru talde politikoek azaldu dute kuadrillan bi pleno egiten direla urtero, eta maiatzean egin behar zela aurtengo lehena. “Horren aurrean, kuadrillako presidenteak erabaki du plenoa ekainera atzeratzea, baina gogorarazi nahiko genioke udal bat bera ere ez dela gelditu eta badaudela guztiok erabili ditugun tresnak, dagokigun lan instituzionala burutzeko”.

Arkitektoaren kontratazioa 
Hiru taldeek oharrean azaldu dutenez, iragan maiatzaren 15ean jaso zuten martxotik egingo zen lehen Gobernu Batzordearen dokumentazioa. Gai ordenan “bi puntu garrantzitsu” zeuden: eskumenak batzordetik presidentera igarotzea zen bat, eta arkitekto tekniko berri baten kontratazioa, aldiz, bestea. 

Bigarren puntu hori “adar jotze” bat da, Omnia, Okondo Aurrera eta Aiara Batuzen aburuz: “Duela hilabete batzuk amaitu dira gai horri buruzko auziak, eta kontratazio horiek 15 urtez gaizki egin direla berretsi da”.

Hiru taldeek nabarmendu dute kuadrillan ordezkaritza dutenetik dabiltzala aldarrikatzen kontratu mota horiek desagertu egin behar direla. “Eta orain presidenteak gauza bera egin du, justu une honetan bi arkitekto ditugu kontratatuta, eta horietako bat bera ere ez dago lanaldi osoan”. 

Hiru taldeen ustez, azken zortzi urteetan asko aurreratu da Kuadrillan, “eta gauzak ondo egiteari” ekin zaio. Baina eginiko lan guztia “ezerezean” geratu dela uste dute.  “Praktika zaharretara itzuli gara, gardentasun, komunikazio eta adostasun faltara, funtsean, demokrazia gabeziara”. 
 
Gauzak hala, EAJ eta PSE-EEk gehiengo absolutua duten arren, “planto” egingo dutela nabarmendu dute oposizioko taldeek. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide