Saratxoko saihesbidearen obretarako aurreikusitakoa baino lur gehiago desjabetzen ari direla salatu dute, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 11a, 21:12

Obrek “uraren desbideraketa okerrak” eragiten ari direla eta etxe batzuetan arrakalak agertu direla gaineratu dute Saratxo Bizirik plataformako eta herriko administrazio batzarreko kideek. 

Saratxoko saihesbidea eraikitzeko lanak nahiko aurreratuta daude dagoeneko, baina ez dira aurreikusi bezala garatzen ari, Saratxo Bizirik-ek  eta herriko administrazio batzarrak salatu dutenez. 

Ohar bateratua plazaratu dute plataformak eta erakundeak, obretan ematen ari diren hainbat gorabehera jakinarazteko. “Beti esan izan dugu Saratxoko errepidearen eraikuntza  handikeri hutsa zela, eta egun hori egiaztatzeko obrak ikustea besterik ez dago”, nabarmendu dute. 

“Desjabetze berriak” egiten ari direla salatu dute, besteak beste. “Bai, harrigarria den arren herritar guztiei kendu diguten guztia kenduta (etxea dela, ortua, lursaila, negozioen etorkizuna kolokan jartzea…), orain zenbait lekutan ez zaie aurreikusitako obra perfektua sartzen, eta jabeei lur gehiago kenduko diete, aspaldi jarritako mugarrietatik barrurago sartzen dira”. 

Arrakalak etxeetan
Gainera, obra hainbat puntutan aldi berean hasi dutela nabarmendu dute oharrean, eta horrek uraren bideraketa okertzea eragin duela. “Adibidez, Venta de los Aires deritzon eremuan ura etxe batzuetaraino eramatea izango da lortuko dutena”. Era berean, plataformak eta administrazio batzarrak nabarmendu dute obraren arduradunek aurreikusi baino sakonago topatu dutela arroka ama zenbait lekutan, eta horrek lurra eusteko hormigoizko pilote asko sartzera derrigortu dituela. “Teknika horren ondorioz bibrazioak eta  arrakalak sortu ziren alboko etxeetan, eta  bizilagunak beldur eta tentsio izugarriarekin bizi izan dituzte une horiek”. 

Bukatzeko, Saratxoko bizilagunek nabarmendu dute “nekatuta” daudela “azalpen perfektuak entzun eta ostean errealitatean gaizki kalkulatutako ekintzen ondorioak pairatzeaz”. Era berean, nabarmendu dute “arabar guztiak” egon beharko liratekeela obra horregatik kezkatuta. “AHTaren, Supersurraren eta Bolintxun egiten ari diren neurrigabeko obren aurka agertu diren askok beste alde batera begiratu dute obra hau salatu beharrean. Akaso alboko probintzian honek suposatzen zien errentagarritasun politikoa zela eta”. Horrez gain, obra hau askoz modu jasangarriago eta merkeagoan egin zitekeela nabarmendu dute: “Suposatzen dugu ziurrenik pairatuko dugun krisi ekonomikoa ikusirik Arabako agintari batek baino gehiagok galdetuko diola bere buruari, obra jasangarriagoa eta askoz merkeagoa egin izan bagenu sortuko zaizkigun aurrekontu arazoei ez ote genien era duinago batean aurre egingo?”. 

Datorren urterako amaituta
Iaz hasi ziren Saratxoko saihesbidea eraikitzeko obrak. 2019ko otsailean esleitu zituen Arabako Foru Aldundiak, 19,1 milioi euroren truke. 32 hilabeteko epea eman zien Nuño y Pescador, Balgorza eta Aglomerados Los Serranos enpresei proiektua amaitzeko. Hau da, aurreikuspenak betetzen badira, datorren urterako egongo litzateke amaituta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide