AZKEN DATUAK

23 hildako utzi ditu COVID-19eko pandemiak Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 13a, 10:16

Osakidetzako anbulantzia pandemian./ Aiaraldea.eus

Egungo datuen arabera, birusak hil du herritar kutsatuen %5,5. Guztira, gaixotutako 418 lagun identifikatu ditu Osakidetzak pandemia hasi zenetik txostenean.

Osakidetzak jakinarazi duenez, pandemia hasi zenetik ekainaren 8ra bitartean -hau da, krisialdiaren unerik gogorrenetan- 23 aiaraldear hil dira COVID-19aren ondorioz.

Zehazki, 9 herritar zendu dira Laudion, 8 Amurrion, 3 Orozkon eta bana Okondon, Artziniegan eta Aiaran. Arrankudiaga-Zollon, Arakaldon eta Urduñan ez da heriotzarik jazo koronabirusa dela medio. 

Gaixo kopurua eta hildako herritarrak aintzat hartuta, Okondon izan da emaitza bortitzena, kutsatuen %14,4 zendu baita. Orozkon heriotza eragina %12,5ekoa izan da, Artziniegan %9,1ekoa, Amurrion %7koa, Laudion %5,8koa eta Aiaran %1,6koa. Guztira, birusak kutsatuta %5,5 hil dira.

418 herritar kutsatu eta 23 aiaraldear hil ditu koronabirusak Aiaraldean; hau da, gaixotuen %5,5.

Urduñan, Arrankudiaga-Zollon eta Arakaldon inor ez da hil osasun sistemaren arabera, COVID-19aren ondorioz. Berez, hiru udalerri horietatik bakarrik Urduñan topatu dituzte kasuak. Hori bai, 42 izan ziren.

Izan ere, eskualdean 418 koronabirus kasu detektatu ditu Osakidetzak: Laudion 156, Amurrion 114, Aiaran 64, Urduñan 42, Orozkon 24, Artziniegan 11 eta Okondon 7. Arrankudiaga-Zollon eta Arakaldon ez dituzte positiborik frogatu.

Erakundeak 100.000 biztanleko tasa erabili du koronabirusaren zabalpena neurtzeko herrika ere. Horrela, Aiara izan da udalerririk kaltetuena, 2.206,1 tasarekin. Hurrengo herria Amurrio izan da (1.094,2), eta gero daude Urduña (982,7), Orozko (918,5), Laudio (850,4), Okondo (581,4) eta Artziniega (572,3).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide