Bizitzeko gutxieneko diru sarrera onartu zuen Espainiako Kongresuak iragan astean. Ia alderdi politiko guztiek bozkatu zuten alde, PP barne. VOX izan zen aurka bozkatu zuen bakanetako bat.
Espainiako Gobernuak aurreratu duenez, neurriak 850.00 familiari lagunduko die, gutxieneko 461 euroko diru-sarrera bermatuta hilero. Hala ere, jasotako diru kopurua handiagoa izan daiteke (1.050 eurokoa, gehien jota), familian dauden adingabe eta helduen arabera.
3.000 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute neurri berria indarrean jarri ahal izateko. Baina Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua arduratuko dira laguntza kudeatzeaz. Gauzak hala, ekainaren 26tik aurrera jasoko dute laguntza hori lehen onuradunek, Lanbideren bulegoen bidez.
DSBEa, bere horretan
Lanbidek jakinarazi du neurri hori indarrean jartzeak ez duela eraginik izango Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta -DSBE- jasotzen duten pertsonengan. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, DSBEak Espainiako Gobernuak orain onartutako neurriak baino gehiago barnebiltzen du.
Eragina Aiaraldean
Gauzak hala, zaila da neurri horrek Aiaraldeko bizilagunen ongizatean zer nolako eragina izango duen kalkulatzea.Kontuan hartu behar da laguntza horren onuradunak izan daitezkeen pertsona askok jada DSBEa jasotzen dutela. Aiaraldean 889 pertsonak jasotzen dute guztira laguntza hori, 375 gizonek eta 524 emakumek, Lanbideren maiatzeko datuen arabera. Amurrion 224 onuradun daude (94 gizon eta 130 emakume), Laudion 374 (146 eta 228), Aiaran 32 (16 eta 16), Artziniegan 44 (22 eta 22), Okondon 21 (6 eta 15), Urduñan 140 (62 eta 78), Orozkon 48 (23 eta 25), Arrankudiaga-Zollon 11 (4 eta 7) eta Arakaldon 5 (2 eta 3).
Hala ere, DSBEaren eta onartu berri den gutxieneko diru sarreraren irizpideak ez dira berdinak, eta horrek bai eragin ditzakeela aldaketak.