JON GALDOS

“Bizitzaz eta erresistentziaz betetako esperientzia da Apalatxeetako bidezidorra”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 23a, 11:52

Jon Galdos, bidaiaren une batean. / J.G.

JON GALDOS lezamarrak Apalatxeetako Bidezidorra kolpe bakarrean zeharkatu du. Bizitako abenturari buruzko liburua argitaratuko du udan. 

Nola bururatu zitzaizun Apalatxeetako ibilbidea egitea?

10-11 urte neramatzan bidaia hau egiteko gogoekin. Argentinako Aconcagua mendietara joan nintzenean Ipar Amerikako lagun bat egin nuen, eta berak hitz egin zidan Apalatxeetako bidezidorrari buruz. Nik ez nuen ezagutzen, eta gogoak sortu zizkidan. Baina halako zerbait egiteko denbora asko behar duzu, eta orain arte ez dut izan. Tubos Reunidosen lan egiten nengoen, eta betetzen ari nintzen ordezkapen kontratua amaitzean hasi nintzen bidaia prestatzen. 

Munduko xendazaletasun ibilbide garrantzitsuena da, ziurrenik. 3.523 kilometroko luzera eta 141.000 metroko desnibel pilatua du. Izugarria da. Estatu Batuetako ekialdeko kostaldea paraleloki jarraitzen du eta 14 estatu zeharkatzen ditu. Nik hegoaldetik iparraldera egin nuen bidea, eguraldi ona bilatzeko. Nire asmoa zen iparraldera joan ahala uda izatea, hotz gutxiago egin zezan. Maiatzaren 1ean hasi nintzen,  Georgian. Iparraldeko Carolina eta Tennessee zeharkatu nituen jarraian. Oso estatu politak dira, natura askorekin. Jarraian igaro nintzen Virginia, Ekialdeko Virginia, Maryland, Pensilvania, New Jersey, New York, Connecticut, Connecticut, Massachusetts, Vermont, New Hampshire eta Mainetik. 

Bidaia hori egiteko basoan sartu eta animalia bat bezala bizi behar duzu. Janaria bilatu behar duzu gasolindegietan eta antzeko tokietan, ibilbidetik aterata. Ahal duzun tokian egiten duzu lo: etxoletan, kanpin-dendetan... Eta etorri ahal zaizunari egin behar diozu aurre: ura, eguraldi txarra eta abar. 

142 egun behar izan nituen bide osoa egiteko. Ibilbidean dauden etxoletan, kanpin-dendetan, kalean, jendearen etxean... egin dut lo. Egunak etxoletan amaitzen saiatzen nintzen, toki horietan babestuago zaudelako. Egun oso haizetsuetan kanpin-denda batean lo egitean beldur handia pasatzen duzu. Georgian egon nintzenean, Cherokee mendietan, oso egun latzak igaro nituen, eguraldiagatik eta hotzagatik. 

Orain,bidaia amaituta, bertan bizitakoei buruzko liburua idazteari ekin diozu. Zergatik?

Estatu Batuetako jendartearen bestelako irudi bat islatu nahi dut liburuan, guk hemen dugun iruditik asko aldentzen dena. Ikusi dut nola babestu eta zaintzen dituzten ibilbide hori egin nahi duten pertsonak: janaria eman didate, toki batetik bestera eraman, etxean ostatua eman... Oso une latzetatik atera naute. Heroiak izango balira bezala tratatzen dituzte ibilbidea kolpe bakarrean amaitzea lortzen duten pertsonak. 

Urtero 6 milioi pertsona inguru gerturatzen dira Apalatxeetako bidezidorrera. 6.000 kirolari baino gehiago saiatzen dira ibilbidea egiten, baina %10-15ek baino ez dute lortzen. Gainontzekoek bertan behera uzten dute, lesioengatik edota neke psikologikoa medio. 700-800 pertsona inguruk lortzen dute urtero helmugara iristea. 

Oso latza da. Mainen, adibidez, 29 kilo inguruko motxila bat eraman behar izan nuen, 5-6 egunerako janariarekin, aurretik 170 kilometro baso nituelako. Birrinduta amaitu nuen. Dena da mendia, igo eta jaisten zabiltza uneoro. Ez da xendazaletasun bide hutsa: bizitza- eta erresistentzia-esperientzia da. 

Apalatxeetako bidezidorraren inguruan bizi diren pertsonek izugarri ondo zaintzen dute natura. 31 mendi talderen artean mantentzen dituzte bidearen 3.523 kilometroak, boluntarioen bidez. Ez da zaborrik inon ikusten. Gainera, bide hau oinez egin daiteke soilik, ez dago baimenduta bizikletaz egitea. Turistak ere ezin dira etxoletan egon, toki horiek xendazaleentzat erreserbatuak daudelako. Europan oso ezezaguna da bide hori, Apalatxeen luzapen bat dagoen arren. Duela  40 milioi urte inguru Apalatxeak zatitu egin ziren. Horregatik, Extremaduran topatu ditzakezun arteen tankerakoak topatu daitezke Maine edo New Jerseyn. 

 

“Estatu Batuetako jendartearen bestelako irudia islatu nahi dut liburuan”

 

Zer izan da bidaiatik zailena iruditu zitzaizuna?

Apalatxeen bidezidorrean ez dago erraza den ezer. Oso egoera ezberdinak topatzen dituzu paisaia, lurraren tamaina edota klimaren aldetik. Esan bezala, Georgian hasi nuen bidea, eta Mainen amaitu. Bertan dago, hain zuzen, bidearen zatitik gogorrena. Toki batzuetan ordubete baliatu behar duzu kilometro bakarra egiteko. 

Nik ez nuen zailtasun hori ondo aurreikusi. Bertara iritsi nintzenerako nire muskulu-masaren %15 galdua nuen dagoeneko, eta ez nintzen egunean 15 kilometro baino gehiago egiteko gai.

Hasieran asko egin nuen, baina amaieran ezin nuen motxila eutsi ere egin. Behin ez nintzen gai izan motxila furgoneta baten atzeko aldera botatzeko ere, oso ahul bainegoen. Gidariak lagundu behar izan ninduen. 

Pensilvanian bizitakoa ere gogoan dut. Jende guztiak esaten zidan erraza izango zela, dena laua zelako. Egia da  Cherokee mendietatik jaisten zarenean horrek lautada bat dirudiela. Baina oso zaila da, lurzorua harrizkoa delako. Toki bakoitzak bere zailtasuna du.

Virginian ere ez zegoen aldapa askorik, baina uda zenez eltxoei egin behar izan nien aurre. Baina bidea egiten duenak badaki zailtasun horiei aurre egin beharko diela.Janaria ere arazo bat izan zen. Oso gaizki jaten dute bertan, eta denbora behar izan nuen ohitu eta zer erosi jakiteko. Pasta zen nire janari nagusia. Ezti asko ere jan nuen, antiinflamatorioa delako eta energia asko ematen duelako. Supermerkatuetara iristean, saiatzen nintzen nirekin eraman ezin nuen dena unean bertan jaten, jogurtak kasu. Ibilbidea ondo markatua dago,baina bi norantzatan. Gauzak hala, bidetik ateratzen bazara, gero kontuz ibili behar duzu,kontrako norantza ez hartzeko.  

Bakarrik egin zenuen bidea, zergatik?

Londresko lagun batekin joatea zen nire hasierako asmoa. Andy du izena eta antzezlea da. Elkarrekin joatekoak ginen baina azken unean laneko kontu bat sortu zitzaion eta ezin izan zen batu. Nik banuen dena bideratua. Madrileko enbaxadara jo behar izan nuen  bisa ateratzera, urte batzuk lehenago Iranen egona nintzelako eta bi herrialdeen arteko harremana oso txarra delako. Gauzak hala, bakarrik joatea erabaki nuen azkenean. 

Bidaia asko egin ditut bakarrik, Iranekoa kasu. Bakarrik bidaiatzen duzu, baina ez zaude bakarrik. Apur bat jatorra bazara segituan topatzen dituzu bidaideak. Ni askotan joan naiz bakarrik,baina ez naiz inoiz bakarrik egon. 

Bidaia hau ez da egiten duzun lehena. Non gehiago egon zara?

Azken urteetan asko bidaiatu dut. Asko gogoko dut xendazaletasuna. Mendiari lotutako jarduera asko egiten ditut. Aconcaguan edota Kilimanjaron egona naiz.  Gauza asko egin ditut, lanak utzi didan heinean.

Santiago Bidearen 3.500 kilometro ere egin ditut. Askoz gehiago egitea gustatuko litzaidake.

Estatu Batuetako erronka beteta, baduzu bestelako bidaiarik buruan?

Estatu Batuetatik etorri nintzenean liburua argitaratzea bururatu zitzaidan. Abentura bat izan da idazketa-prozesua. Urte eta erdi behar izan dut lana amaitzeko. Gauza asko irakurri behar izan ditut ibilbideari buruz, Estatu Batuetan nengoenean ibiltzera mugatzen bainintzen. Buelta pare bat ematen nago oraindik, argitaletxeak orri kopurua jaistea eskatu didalako. Nire esperientzia kontatzen dut liburuan, ibilbidearen gaineko informazioarekin batera. Estatu Batuak zonalde horretan sortu ziren, eta herrialde horren sorreran parte hartu zuten Euskal Herriko zein Andaluziako pertsonaien iruzkinak ere sartu ditut. Hori guztia nahastu dut liburuan. Hiru hilabete eman nituen argitaletxeak bilatzen. Sei argitaletxek erakutsi zuten interesa eta bat hautatu dut. Ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran argitaratuko dutela uste dut. Liburua merkatu anglosaxoian kokatu nahiko nuke baita ere, ingelesera itzulita. 

Dena den, oraindik ez naiz muskulu-masaren galeratik errekuperatu. Nik 81 kilo pisatzen nituen eta itzuli nintzenean 67 pisatzen nituen. Hezur-zaku bat nintzen. Medikura eta gimnasiora joan behar nintzen, eta apurka apurka osatzen joan naiz, baina ez dut pisua berreskuratu. Dena den, badut Estatu Batuetan beste bide luzeren bat egiteko gogoa.

Informazio gehiago www.jongaldos.com webgunean eta jongaldosappalachiantrail2017.blogspot.com blogean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide