1,1 milioi euro bideratuko dira Aiaraldeko landa eremuko 25 proiektu indartzera

Julen Solaun Martinez 2020ko eka. 24a, 07:00

Lehenengo sektorea indartzera bideratuko dira diru-laguntzak.

Horietatik 13 publikoak eta 12 pribatuak izango dira. 1.175.561,59 euroko inbertsioa egingo da guztira.

Eusko Jaurlaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak 1.175.561,59 euro inbertituko dituzte Aiaraldeko landa eremuetan. 2019ko Landa Garapenerako laguntzen bi deialdietako (Leader eta Erein) laguntzak banatuko dira eskualdean. 25 proiekturi emango zaie dirua. Horietako 13 ekimen publikoak eta beste 12 pribatuak.

Aiaraldeko udalerrien landa eremuen “promozioa, garapena eta dibertsifikazioa” sustatzea izango da helburua, Zabaia Aiara Haraneko Landa Garapenerako elkartearen arabera. Herriak hobetzeko “funtsezkoa” izango da egingo den inbertsioa, elkartearen aburuz.

Aiara, Okondo eta Artziniegako Udalek eta Aiarako Administrazio Batzarrak Leader deialdian eskatu zituzten laguntzak iaz, hainbat proiektu, zerbitzu eta azpiegitura indartu ahal izateko aurten. Landa eremuko biztanleen bizi kalitatea hobetzea da helburua. Aurrera eramango diren proiektuen artean honako hauek daude: argiztapen publikoak hobetzea, espazio publikoak egokitzea eta instalazio publikoetako irisgarritasuna bermatzea. 

Ekimen pribatuei dagokienez, enpresak sortzeko, handitzeko eta berriztatzera bideratuko dira laguntzak. Zehazki, honetara bideratuko da dirua: hiru enpresa sortzera, beste bost handitu eta berriztatzera, bi lanpostu eratzera eta etxebizitza bat berritzera.

Era berean, sei proiektu publiko eta pribatu bat onartu ziren Laudio eta Amurrion, Erein deialdiaren barruan, landa eremuko populazioaren bizi kalitatea hobetzeko eta baita sektore turistikoaren jarduera indartzeko ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide