Atzo ehunka langilek lanuztea eta elkarretaratzea egin zuten Amurrion, Tubacex taldeko zuzendaritzak eta akziodunek batzarra baitzuten. Horren ostean, prentsaurrekoa deitu zuen enpresak landutakoa azaltzeko.
Besteak beste, Alvaro Videgain Tubacexeko presidenteak eta Jesus Esmoris kontseilariordeak aipatu zuten 2020an 800 milioi euro fakturatzea aurreikusi dutela, baina koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorioz, emaitza negatiboak egongo dira aurten. Printzipioz, lehen hiruhilekoan, 1,6 milioi euro galdu ditu korporazioak.
Tubacexeko lehendakari eta kontseilari ordearen esanetan, 1.6 milioi euro galdu dituzte lehen hiruhilekoan
Gainera, ez dute espero udaberrian emaitzek hobera egitea,, eskaera kopurua oso txikia izan baita. Hori dela eta, Tubacexeko akzioek %49ko balioa galdu dute burtsan.
Neurriak krisialdiaren aurrean
Indiako lantegia ohiko moduan lanean dagoen arren, Euskal Herrian dituzten faktoriak %50eko lanaldian daude, eta enplegua erregulatzeko espedientea urrira arte indarrean egotea aurreikusi du zuzendaritzak.
Epe ertainera, akziodunen batzarrak ez dtiu baztertu, ordea, kaleratzeak edota enplegu finkoa suntsitzea. Berregituraketa plana lantzen ari dira enpresan eta sektorearen norabidearen menpe egongo omen da guztia. Jesus Esmorisek adierazi zuenez, gainerako konpainiek berregituraketa lazgarriak egin dituzte.
Iragarritako beste neurri bat izan zen inbertsio erdien etetea. Hori bai, etekingarria izanez gero, ez zuten alde batera utzi beste enpresak erostea.
Epaiketak eta kaleratzeak
Tubacex enpresako akziodunen batzarrak bere ondorioak publiko egiten zituen bitartean, Amurrioko Aceralava lantegiaren atarian elkartu ziren ehunka behargin enpresan egondako azken bi kaleratzeak salatzeko.
Dirudienez, enpresak jakinarazi die ez dagoela modurik bi langile horiek berriro onartzeko. Are gehiago, beharginek epaiketak irabaziz gero, zuzendaritzak aurreratu du kalte-ordaina hautatuko duela, berriro kontratatu ordez.
Edonola ere, ez da hori Tubacexek pendiente duen auzi bakarra. Ekainaren 17an izan zuten beste epaiketa bat, eta sindikatuek irabaziz gero, indarrean dagoen enplegua erregulatzeko espedientea atzera bota dezake epaileak.
Ezinegona langileen artean
Atzoko elkarretaratzean sumina nabaria zen beharginen artean. Oro har, gertatutako bi kaleratzeak intimitatearen kontrako erasotzat jo dituzte, baina horrez gain, ezinegona ere bazegoen.
Videgainek eta Esmorisek berregituraketa plana aipatu baino lehen, beharginek euren lanpostuak arriskuan jar ditzaketen neurriak aurreikusi zituzten. Langileen ustez, horiek eragina izan dezakete, bereziki, Amurrion.