ERREPORTAJEA

Harrera familiak, urtebetez umezurtz

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 5a, 07:00
Dozenaka haur bertaratu ohi dira udan Aiaraldera Bieloerrusia edota Saharatik. / Bikarte eta Aiaraldea.eus

Koronabirusa dela kausa, Aiaraldeko harrera familiek ez dituzte Bielorrusiako edota Saharako umerik jasoko uda garaian. Egoerak larritasuna areagotu die Bikarte zein Eutsi Sahara elkarteei.

Udaro hamarnaka haur dira euren osasuna hobetzeko eskualdeko harrera familietara jotzen dutenak. Bikarte eta Saharari Eutsi elkarteak dira bailarako familia egonaldiak kudeatzen dituzten eragileetako bi. Konfinamenduak, baina, asmoak eten dizkie. Aurten ez da Aiaraldera Saharako ez Bielorrusiako haurrik etorriko. Zer nolako eragina du horrek ume horiengan?

Europar Batasunaren aginduen zain egon da Belen Carbalho Bikarte elkarteko lehendakariordea, “zein lurraldek ahalko duen herrialdez mugitu jakiteko”. Uztaileko lehen hamabostaldira arte ez dute baztertuko Bielorrusia eta Errusiako lagunak etortzeko aukera: “Gure asmoa abuztuan hiru astez behintzat ekartzea da”. Foru Aldundien eta gobernu erakundeen babesa dute horretarako, “mugak irekitzekotan tramitazioak egiteko denbora edukitzeko”.

Uztaileko lehen hamabostaldira arte ez dute baztertuko Bielorrusia eta Errusiako lagunak etortzeko aukera. 16 ume bertaratuko lirateke guztira

16 ume izango dira kasu horretan Aiaraldera bertaratuko direnak, hasieran gehiago baziren ere. “Lan kontuengatik harrera familiak gutxitu dira”, zehaztu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orotara 52 pertsona lagunduko dituzte, Bikarteren bidez.

Umeak, egoera larrian

Pandemiak eragindako kaosari beldurrez begiratzen dio Carbalhok, ezbairik gabe: “Harrera familiak kezkatuta gaude hainbat arrazoiengatik: umeen osasunagatik batetik, eta bestetik kutsatzekotan euren jaioterrietan ez daudelako behar beste baliabide”. Horri, iritsitako informazio murritza gehitu behar zaio, “batez ere Bielorrusian, non lehendakariak vodka edateko aholkatu duen COVID-19ari aurre egiteko”. Herrixka askotan ez dute urik -putzuetatik eratorritakoa bakarrik- eta ondorioz, garbiketa neurriak ezin dituzte bermatu, Bikarteko kidearen esanetan. “Oso zaila da izurritea eta kutsatzea kontrolatzea ez bazaie horretarako materialik ematen”.

Gainontzeko herrialdeetan moduan, eskolak eten dituzte Bielorrusian eta Errusian ere, kontaktuak saihesteko, “nahiz eta askotan ahazten zaien, edota ez zaien posible”.

Zergatik da garrantzitsua, ordea, Euskal Herriratzea? Batetik, Txernobilgo istripuan eragindako gunetik ateratzen direlako, “eta horrek osasuna hobetzea dakar hemengo klima eta elikadurari esker”. Bestetik, udan Aiaraldeko haurrekin jolastean duten gozamenagatik: “Han zaintzan eta etxean ardura handiak dituzte, kasu askotan duintasunez bizirauteko baliabiderik ez duten gurasoekin bizi dira, eta matxismoa eta alkohola oso errotuta daude bazter guztietan. Guzti horrek eragin oso negatiboa du euren hazkuntzan. Eta horri janari eta baliabide eskasia gehitu behar zaio, egunerokotasuneko funtsezko gauzak”.

Urtebete igaro dute bailarako lagun eta familiek umeak aireportuan jasotzea amesten: “beraiekin hitz egiten dugun aldiro gurekin egoteko zenbat egun falta diren galdetzen dute”. Lehendakariordearen aburuz, ezinbestekoak dira harrera familien arreta eta maitasuna eguneroko bizipenei buelta emateko.

Hori dela eta, esperantzari eusten diote Bikarteko familiek oraindik. Jarraitu beharreko pauta zehatzak helarazi dizkiete familiei, umeak eta beraiek arriskutik urruntzeko. “Ez dakigu noiz etorriko diren, baina argi dugu ez  zaizkiela faltako gure babesa eta maitasuna eta eskura ditugun baliabideak”, erantsi du, “arduraz eta ilusioz”.

Saharako egoera

Saharar herriarekiko elkartasun handia erakutsi du eskualdeak, halaber. Horren adibide dira RASDen Lagunak elkarteak antolatutako karabanak. Umeen udako egonaldiaz, baina, Sahara Eutsi elkartea arduratzen da. “45 ume etortzekoak ziren Arabara, horietatik 8 Aiaraldera”, adierazi du Arantza Sadabak. Egungo egoeragatik, ordea, ezingo dute bertaratu. “Umeen eta familien osasuna da garrantzitsuena”, erantsi du.

Prebentzio guztiak gutxi dira, Sadabaren aburuz, errefuxiatu kanpamenduetan "egoera larrian" bizi direlako.

Saharako umean ezingo dira Aiaraldera bertarako aurtengo udan, koronabirusa dela eta      

Kanpamenduak itxi izan dituzte jendea konfinamendu garaian kontrolatzeko. Hala dio, behintzat, Sahara Eutsiko kideak: “Gu bezala haimetatik atera gabe egon behar izan dira, baina guk ditugun erraztasunak gabe: eskola barik eta abar”. Dena den, harremanak mugatzeko eta eskuak garbitzeko informazioa heldu zaie, jakin duenez. Euskal Herriarekiko harremana, baina, ez dute eten: “Egoerak arduratu arren, denbora oro egon dira gure zain, lagunen egoera jakin nahian. Eskuzabalak dira, nahiz eta beldurra izan”.

Udako bidaia eta indarberritzerik gabe, oso urte gogorra izango dute, Sadabaren ustez. Udako basamortuko tenperaturei egin beharko diete aurre, besteak beste, “eta Euskal Herriko familia eta lagunak ikusi gabe egon beharko dira”.

Hargatik kezka larriz bizi ditu aste hauek Sadabak: “Beldurra daukagu. Ezin dugu ahaztu beraien 'konfinamenduak' urte asko daramatzala, lau hamarkada baino gehiago daramate egoera larrian. Gure beharra dute”. Horregatik, ez du 2021ko udan elkartzeko esperantza galdu, “gure beharra daukate, eta espero dut amets gaizto hau ahalik eta lasterren amaitzea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide