Laudio eta Amurrioko hainbat pilotarik jokatuko dute Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketa

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 3a, 16:00
Herriaren Pilota Elkarteko pilotariak. / H. P. E.

Arabako Herri Arteko Txapelketaren 50. edizioa hasiko da bihar eta azken fasea Laudioko Lamuza pilotalekuan jokatuko da, eguraldiak baimentzen badu. Bestela, Aretan izango dira hitzorduak.

Amurrio eta Laudioko pilota klubek bihar ekingo diote Arabako Herri Arteko Txapelketari. Berez, ligaxka abiatuko dute eta finalerdiak eta finala eskualdean jokatuko dira gero, uztailaren 31n. Eguraldia egokia bada, Laudioko Lamuza pilotalekuan izango dira norgehiagokak eta Aretan, aldiz, euria eginez gero.

Klub arabarrak bi multzotan banatu dituzte lehen faseak. Alde batetik Gasteiz, Zigoitia eta Guardia egongo dira eta Amurrio, Laudio, Aramaio eta Agurain bestetik. Amurrioarren eta laudioarren derbi aiararra uztailaren 12an izango da 10:30ean Aretako frontoian.

Berez, jardunaldi bakoitzean 3 kategoria arituko dira: kadeteak, gazteak eta nagusiak. Herriaren pilota taldeak jakinarazi du bere taldekideak hurrengoak izango direla: Asier Pagazaurtundua, Jon Pagazaurtundua, Aitor Aiesta eta Urtzi Justo -nagusiak-, Axular Alonso, Oier Picon, Mikel Urkijo eta Aimar Amondo -gazteak- eta Koldo Reinaldo, Asier Sanchez eta Arkaitz Eskuza -kadeteak-.

Maiatzaren 27an hasi ziren kirolariak berriro entrenatzen eta 2 hilabetez jokatu gabe egon zirenez, askok ez dakite nola erantzungo dieten eskuek.

Segurtasuna eta prebentzioa

COVID-19 birusaren zabalpena ekiditeko, neurri anitzak ezarri dituzte pilotalekuetan. Hasteko, Amurriokoa ez da irekirik egongo ikusleentzat. Aretakoan, aldiz, eserlekuen %30a besterik ez da beteko, eta 1,5 metroko tartea egon beharko da publikoaren artean. Edonola ere, okupatu beharreko lekuak markatuta egongo dira.

Sarrerak eta irteerak ate ezberdinetatik egingo dira, eta beharrezkoa izango da eskuak garbitzea pilotalekura sartu baino lehen. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da 1,5 metroko tartea ez bada errespetatzen.

Kirolariek ezingo dituzte dutxak baliatu eta Arabako Pilota Federazioko ordezkaria egongo da jaialdi guztietan neurriak betetzen direla ziurtatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide