Asteartean hasiko da Urmuga mendi zeharkaldia. Aurten sortu dute egitasmoa, eta Euskal Herria zeharkatuko dute gailurrez gailur. Ez da hori izango, ordea, berezitasun bakarra: musika kontzertuez gozatzeko parada izango dute partaideek ibilbidean barrena. Webgunean bildu dute informazio guztia.
Uztailaren 14an abiatuko da ibilaldia, Aiaraldetik. Zehazki, Angulotik Urduñaraino joango dira mendizaleak. Julen Reketa izango da, besteak beste, gidarietako bat: "8:30ak aldera hasiko gara oinez, 13:00ak inguruan Iturrigorrin -Ponatako artzain gunean- kontzertua eskaintzeko". Toki berezia eta polita aukeratu dute, mendizale laudioarraren aburuz, horretarako, "artzain gunea zen, zelaigune zoragarria dago; egun txabola bakarra geratzen da, lehen gehiago zeuden arren".
Kontzertua ikusteko Lendoñogoititik joatea da onena. "Senda Negra amaieran kide bat egongo da kontzertu gunera bideratzeko", aurreratu du Reketak. Alabaina, musukoa eramatea gomendatu dute.
13:00etan izango da Ponatako artzain gunean kontzertua, Iturrigorri inguruan
COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, derrigorrezkoa da zeharkaldian parte hartzeko izen-ematea, "webgunera jo behar da horretarako". Hala, pertsona kopurua kontrolatu ahalko dute, "zenbat ikus-entzule egongo diren jakin behar dugu segurtasun neurriak betetzeko".
Sokadun laukotea, pianojolea eta dantzaria arituko dira ikuskizuna eskaintzen. Zehazki, Maider Zabalegi, Et Incarnatus Hari Laukoteak, Flavio Banteriak, Xabi Zeberio biolinjoleak eta Amaia Elizaran dantzariak hartuko dute parte.