BURU OSASUNA

Elkarretaratzea egingo du ASASAMek bihar Aldundian, Aiaraldean  intentsitate handiko bizitoki bat jartzea eskatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 9a, 19:06

12 urte daramate ASASAMeko kideek aldarri berarekin. / ASASAM

Elkarteko kideek azaldu dute Foru hauteskundeen “bezperan” iragarri zuela Aldundiak proiektua gauzatuko zuela, baina Gizarte Ongizateko diputatu berriak ez dakiela gaiaz ezer.

Elkarretaratzea egingo du bihar -uztailak 10- ASASAMek Arabako Foru Aldundiaren aurrean, 12:00etan. Aiaraldean intentsitate handiko bizitoki bat jartzea eskatuko dute buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta senideen elkarteko kideek. 

Azaldu dutenez, 12 urte daramate azpiegitura horren beharra aldarrikatzen. Erakundeen aldetik “promesa itxaropentsuak” jaso zituzten, baina 2008ko krisiak “eten” egin zituen. Hala ere, azken urteetan proiektua egitear zegoela zirudiela nabarmendu dute ASASAMeko kideek, Aldundiaren aurrekontuen luzapenean gastu-partida bat zehaztu zelako proiektua garatzeko.

“Higiezina non kokatu zehaztea” falta zen soilik, elkarteko kideen hitzetan. “Iaz, Laudion 6 plazako bizitoki-baliabidea ezartzeko promesa hori berehala gauzatuko zela aditzera eman zen, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren esanetan eta udal eta foru hauteskundeen bezperako testuinguruan”. ASASAM elkarteak hainbat ekimen egin zituzten garai hartan: sinadura bilketa abiatu zuten, eta baita bihar egingo dutenaren antzeko elkarretaratzeak ere. 

Hauteskundeen ostean bilera bat eskatu zuten Emilio Sola Gizarte Ongizateko diputatuarekin. “Gaiari buruz bere harridura eta erabateko ezjakintasuna adierazi zigun, eta beste behin, babesik gabe eta erabiliak sentitu gara”. 

Gauzak hala, Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten elkarteko ordezkariek iragan ekainaren 12an. Bertan azaldu zutenez, COVID-19aren ondorioz ezarritako alarma egoerak “are nabarmenagoa” egin du azpiegitura hori behar dela Aiaraldean. 

Horregatik erabaki dute bihar elkarretaratzea egitea, “aldarrikapenak modu aktiboagoan egiteko” eta buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen “gabezia sozialak" salatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide