72.300 euroko isuna jarriko dio Aiarako Kuadrillak CESPA enpresari, kontratua ez betetzeagatik hondakinen bilketan

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 17a, 18:44

Kontratua ez betetzea leporatu dio Kuadrillak CESPA enpresari. / Aiaraldea.eus

Aiarako Kuadrillak gaur jakinarazi du 72.331,72 euroko isuna jasoko duela CESPA enpresak. Izan ere, 100 kasu baino gehiagotan urratu du erakundearekin daukan hondakinak biltzeko kontratua.

Gaur batzar nagusia egin du Aiarako Kuadrillak eta CESPA enpresa izan dute hizpide. Izan ere, erakundeak erabaki du konpainiaren kontra neurriak hartzea kontratua ez duelako betetzen hondakinen bilketan.

Berez, kuadrillak CESPAri 12.331,72 euro ordaintzeari utziko dio, kartoia atez ate jasotzeko zerbitzua ez baitu aurreikusitako moduan eman. Horrez gain, arraindegietan eman beharreko zerbitzuan ere egin du kale.

Bestalde, erakunde publikoak 60.000 euroko zigorra abiatu du enpresaren aurka. Hori ahalbidetu duen txostenak argitu du CESPAk ez duela kontratua bete eta zerbitzuen garapenean atzerapenak gertatu direla. Horren ondorioz, 30.000 euroko zigorra ezarriko dute.

Zerbitzuaren garapenean atzerapenak sortzea, kontratua ez betetzea, zerbitzua txarto ematea eta informazioa ez komunikatzea leporatu dio Aiarako Kuadrillak CESPAri

Horri gehitu behar zaio beste 6.000 euroko isuna jarriko diotela proposatutako hobekuntzak ez gauzatzeagatik. Gainera, 12.000 euroko beste zigorra erantsi beharra dago zerbitzua txarto, dagokion maiztasunik gabe eta kalitate gabe emateagatik, "behin eta berriro". Aiarako Kuadrillako presidenteak argitu du ingurumen teknikariak ziurtatu zuela 100 kasu baino gehiagotan urratu duela kontratua CESPAk.

Azkenik, 12.000 euro gehiagoko isuna jasoko du CESPAk Aiarako Kuadrillari ez diolako informaziorik ematen bere jarduerari buruz. Hau da, ez dio erakundeari jakinarazi zenbat hondakin eta zein motatakoak kudeatu dituen. Guztira, 72.331,72 euroko zigorra egokituko zaio enpresari.

Erabakia eztabaidatu dutenean, alderdiek nabarmendu dute arazoa ez dela berria. Izan ere, 2019ko irailean hasi ziren zerbitzuaren gabeziak jasotzen txostenetan eta bileretan. Amurrioko alkate Josune Irabienek honakoa adierazi du: "Mezu argia bidali nahi diogu enpresari, bereziki bere zerbitzua eta jarrera ikusita".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide