Aiarako Kuadrillako talde independenteek oposizioa ez errespetatzea leporatu diote presidenteari

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 18a, 17:17
Alderdi independenteek agerraldia egin zuten plenoaren ostean. / Omnia

Aiara Batuz, Omnia eta Okondo Aurrera taldeek salatu dute Aiarako Kuadrillako presidenteak ez diela euren jarduera erraztu, ohiko batzar nagusia eta hainbat batzorde deitu ez dituelako konfinamenduak iraun bitartean.

Atzo egin zuten Aiarako Kuadrillako ez ohiko batzar nagusia Arespalditzan eta tentsioa nabaria izan zen talde independenteen eta presidentearen artean. Bilera osoan zehar jazo ziren talkak eta, behin bukatuta, prentsaurrekoa egin zuten Aiara Batuzeko, Omniako eta Okondo Aurrerako ordezkariek.

Agerraldian salatu zuten Encina Castresana presidenteak ez dituela ohiko batzar nagusia eta hainbat batzorde deitu konfinamenduak iraun duen hilabeteetan. Ondorioz, talde independenteek uste dute ez dutela izan euren jarduera gauzatzeko informazio nahikorik.

Omniak, Aiara Batuzek eta Okondo Aurrerak "aitzakiak" erabiltzea leporatu zioten kuadrillako buruari: "Berak esaten du legez ezin zirela bilerak egin zeuden baliabide teknikoekin ez zelako bermatzen legea betetzea, baina tokiko erakundeek udalbatzak egin dituzte".

Independenteen ustez, "oposizioa ez da errespetatzen Aiarako Kuadrillan, eta EAJk gehiengoa erabiltzen du horretarako". Biltzarkideek erantsi zuten oso larria dela ingurumen batzorderik deitu ez izana: "Erakundeko aurrekontuaren %50 baino gehiago sail horretara bideratzen baita".

Mozioa eta kontratazioak

Ez ohiko batzarra izan zenez, prozeduragatik ezin izan zen moziorik aurkeztu. Hortaz, ez zen talde independenteen testua jorratu. "Arabako Foru Aldundiak egindako turismo spotean Aiaraldea agertzen ez dela salatu nahi genuen", azaldu zuten agerraldian.

Horrez gain,  nabarmendu dute Aiarako Kuadrillak beste arkitekto bat kontratatu duela: "Duela gutxi galdu zuen kuadrillak epaiketa bat horregatik, eta errepikatu egin da. Gainera, kontratazioa ez da deialdi publikoaren bitartez egin; EAJk hautatu du".

Encina Castresanaren argudioak

Ez ohiko batzarra izanik, arauak ez du jasotzen aukera mozioak eztabaidatzeko. Hala ere, Encina Castresanak gaia aipatu zuen bilera hasieran eta batzorde batean eztabaidatzea proposatu zuen.

Castresanak azaldu zuen Aiarako Kuadrillak ez duela izan bitarteko nahikorik Internet bidez bilerak egiteko, legea beteko zela bermatuta. Horrez gain, azpimarratu zuen ez zuela batzorderik deitu alderdien artean noiz egin adostu ez zelako edo lantzeko gairik ez zegoelako.

Omniako ordezkariek azpimarratu zuten batzordeak deitu behar direla oposizioak galderak egiteko parada izan dezan, nahiz eta gairik ez egon. Presidenteak erantzun zuen pandemiak iraun bitartean egin diren batzordeetan talde independenteek ez dutela parte hartu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide