Nazioarteko "ENO-T Wine & Tourism" lehiaketan ardoaren kalitatea eta enoturismoaren isla neurtu dituzte, Arabako Txakolinak prentsa oharrean adierazi duenez. Lau modalitate barne hartu dituzte ekimenean: ardo zuriena, gorriena, 12 hilabetez upeletan egondako ardo beltz onduena eta vermouthena. Aitortza jasotako upategi euskaldun bakarrak dira Artomañakoak.
Xarmant txakolinak eta Eukeni izenekoak lortu dituzte zilarrezko sariak, 2019an ekoitzitako ardo zuriari esker. Urrezko bi aitortzak Galiziara joan dira (Rias Baixas), Granxa Pegullal upategiko "Tanto me da" eta "Pazo Pegullal" botiletako edaria dela medio.
Jose Antonio Merino Arabako Txakolinaren lehendakariak oso positiboki baloratu ditu emaitzak. Azaldu duenez, "uztailaren 16an Madrilen ospatu zen Eno-T Wine&Tourism lehiaketaren lehen edizioa". Merinoren aburuz, sariek bistaratu egiten dute konfinamenduan Arabako Txakolinaren upategietan egindako lanaren eta kalitatearen mantenua: "Arabako Txakolinarentzat sekulako bultzada da horrelako aitortza jasotzea gure lurralde eta Txakolinaren Ibilbideko promozio zein produktuei begira".