Langileei babesa helarazteaz gain, bere esku dagoen guztia egiteko prest agertu da koalizioa: "Gure herrietako lanpostuen defentsan, mobilizazio eta ekimenetan parte aktibo izatera animatzen ditugu herritarrak". 10 milioi euro aurrezteko 150 lanpostu arriskuan daude, EH Bilduk azpimarratu duenez.
Eva Blancoren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak ez dute inbertsio esanguratsurik egin Aiaraldeko enpresen ekoizpen sisteman zein berrikuntzan eta, ondorioz, Euskal Herriko langabezia tasarekin alderatuta, eremu kaltetuenetako bat Aiaraldea. "Guztira, egun, 2.600 langabetu daude eskualdean, eta Laudio eta Amurrioko langabezia tasak erkidegoko altuenetakoak dira". Legebiltzarreko ponentzia ekarri du gogora Blancok, Aiaraldea biziberritzeko neurriak zehazteko EH Bilduk aurkeztutako proiektua, alegia.
Industria krisia ate-joka
Iker Casanovak, aldiz, Euskal Herriko egoera izan du hizpide: "Gamesa eta Tubacexena ez dira kasu isolatuak, industria krisi handi batean atarian gaude. Euskal industria ez dago zioten bezain ondo, hazkunde ekonomiko globalak estali egin ditu hainbat gabezi, eta krisi honekin agerian geratzen ari dira". Ondorioz, sektore asko kinkan egongo dira, Casanovaren ustez: "Gobernuaren papera ezin da izan notarioarena egitea, lekuko mutua izatea, industria politikak ikuspegi estrategikoa eta beharrezko baliabideak izan behar ditu".
Eusko Jaurlaritzaren pasibotasuna kritikatu dute agerraldian: "Eskuak garbitu dituzte, eta baliabideak eskaini ordez propagandan egin dute inbertsioa". Hargatik, krisi egoerak aurrez ezagutu eta neurriak proposatzeko alternatibak azaldu ditu: Euskal Inteligentzia Ekonomikoaren Institutua sortzea, krisian dauden enpresentzat laguntza protokoloa garatzea Eusko Jaurlaritzak, edota likidezia zein erreskateak antolatzeko baliabideak eskura jartzea.
"Garai latzak datoz, baina gobernuak pasitibitatean murgilduta jarraitzen badu gogorragoa izango da oraindik. Jaurlaritzak krisia gehiengoaren sorbaldan utzi nahi du, zerbitzu publikoetan murrizketak, eta eskuak garbitzea industria krisia arazo pribatuak direla esanez. Herritarrei lanpostuen defentsa aktiboa egiteko eskatzen diegu, ez ditugu herritarrok ordainduko krisiaren zama guztiak, badaude alternatiba fiskalak, politikoak, ekonomikoak eta industrialak; eta EH Bildu horren alde egongo da", azpimarratu du Casanovak.