IBILIAN

Mendian lasterka edo oinez egiteko zailtasun ezberdineko Aiaraldeko 3 ibilbide

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 22a, 16:04

Kuskumendira txango ugari antolatu izan dira, irudian jai herrioien aldekoa. / Aiaraldea.eus

Trail talde asko daude eskualdean. Izan ere, norbanako zein talde ugarik jotzen dute inguruko bideetara kirolaz disfrutatzera. Amurrio, Aiara eta Baranbio arteko hiru zeharkaldi batu ditugu proposamen honetan.

Aiaraldeak ibilbide andana eskaintzen ditu mendian oinez zein lasterka ibiltzeko. Tokian toki, geroz eta jende gehiago ateratzen da bidera inguruneaz eta kirolaz gozatzera. Aiaraldeko Kirol Urtekarian bildu genituen horietako batzuk:

Kuskumendi, askoren meta

Kuskumendiko buzoiak postalak baino, lasterkarien irribarreak batzen ditu. Amurrioko plazatik abiatuta 12.5 kilometroko ibilbidea da. Kiroldegitik, autobidearen azpitik igaro, eta 200 metrora eskumara egin behar da bertara heltzeko. Behin pista hartuta, 400 metrora beherantza doan bidea hartu behar da, Mariakara iristeko. Hala, ibaia zeharkatu eta gorako bidea hartu behar du korrikalariak, 1.5 kilometro inguru, hain zuzen. Behin Kuskumendiko buzoira helduta, eskumaldeko bidexka hautatuz gero, Mariakara iritsiko da korrikalaria, herrigunera itzultzeko. 496 metroko desnibela du zeharkaldiak. 

Mendeika eta Babiotik 20 kilometro

Larruzabal ezagutzeko, 20 kilometroko zirkuitua proposatzen du Amurrio Trail taldeak, 862 metroko desnibelarekin. Mendigorri kalea hartuta, Trigeroko Bentara ailegatzean datza, handik Burubioko mendatera igotzeko. Mendeika herrira joan behar da horretarako, eta deposito aldamenean geratzen den eskumako harrizko bidea hartuta, Belandia eta Lendoñoko inguruetan murgildu. Besteak beste, Sopeñako bidearekin egingo du topo kirolariak, Venta Fria ezizenez ezagunagoa den gunera ailegatuta. Belandiatik errepidea zeharkatuta Babioko tontorrera igo daiteke, eta gailurretik Etxegoienera Kontrabandisten bidetik jaitsi.

Baranbiotik Arrabara

IIbilbide luzeak gogoko dituztenek Baranbiotik (Garrastatxuko ermitatik) Gorbeiara eta Orozkoko mendietara jotzeko aukera dute. 30 kilometro eta 2.000 metroko desnibeldun zeharkaldiak Garrastatxu, Arlobiko zubia, Gorbeia, Ipergorta eta Oderiaga inguratzen ditu. Amurrio Traileko kideen arabera, oso ondo markatuta dago bidea, GR seinaleekin. Hesia atzean utzita, eskumara doan bidea hautatu behar da, Burbona eta Arlobi jartzen duena. Hurrengo desbideraketa Arrabako zelaietakoa da, Ipergorta eta Oderiagarako bidea hartu behar baita bertan. Horrela, Garrastatxura edo Baranbiora iritsi ahalko da bidaiaria. Seinalez beteta dago bidea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide