ERREPORTAJEA

Eskualdeko errepideak, txirrindularien desio

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 16a, 08:11

Belandia inguruetatik errepide lasaiak daude, eta bista zoragarriak. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko errepideek aukera ugari eskaintzen dituzte txirrindula gainean ibiltzeko. Aritz Arberas prestatzaile fisikoak hiru ibilbide proposatu ditu zaletuentzat. 

Urduñako portua, Barrerillakoa (Urduña), Malkuartukoa (Okondo), Angulokoa (Artziniega)... Ez du malda faltarik Aiaraldeak. Horrez gain, trafiko gutxidun bide ugari barnebiltzen  ditu: Orozkotik Baranbiorakoa, Aiarako herri txikietakoak... Ondorioz, mugagabeak dira bizikletarekin egin daitezkeen zeharkaldiak. Errepideko bizikletarekin zein mendikoarekin, zailtasun eta iraupen ezberdineko txangoak gauza daitezke.

Mendi bizikletarekin, esaterako, Urduñatik Orozkorainoko bidea osatu daiteke (indar edota gogoaren arabera, Amurrion, Luiaondon edota Laudion bukatu daiteke etapa). Ibilaldi gomendagarria da zeharo: Urduña, Lendoñobeiti, Mendeika, Olabezar eta Luiaondo lotzen ditu; Nerbioiko parke linealaren bitartez Laudio, Arakaldo edota Orozkoraino iritsi arte. 

Abiapuntua Urduñako tren geltokia da. Bertatik, Zedelikako errepidea hartu behar da, Antzinako auzoko bidea hartuta. Zedelikako azken etxe eta baserriak atzean utzita -Arbieto behean ikusten dugun bitartean-  Lendoñobeitira iritsiko gara. Dorretxe aldamenetik errotara hurbildu ostean hartuko dugu Mendeikarako bidea. Errepidea beharrean, asfaltodun bide lasaiagoa aukeratu daiteke, gainera. Mendeikara heldutakoan, Babiorako norabidean jarriko gara, seinaleei jarraika. Tontorra zapaldu ostean, Etxegoien ingurura ailegatzen den bidexka baliatuko dugu Saraubeko mahaia ikusi eta Olabezarrera iristeko. Pistari segika, Amurrioko lurretara gerturatuko gara, Tubos Reunidos fabrikaren aurrera, hain zuzen. Horrela, errepide nagusia saihesteko parke linealetik segiko dugu txangoa, Luiaondoko txokoak eta Laudiokoak ezagutzeko paradari muzin egin gabe. Proposamen erraza bezain erakargarria da 3 orduko mendi bizikleta txangoa egin nahi duenarentzat. 

3 ibilbide proposamen

Aritz Arberas txirrindularitzako prestatzaileak Laudioko herriko plazatik Orozkoko Zaloa auzorainoko ibilbidea proposatzen du. Izan ere, Ibarra eta Zaloa moduko Orozkoko auzo urrun eta ederrak batzen ditu ibilbideak. Horrez gain, Baranbioko errepidea hartuta (Berganzako bidegurutzea baliatuta) Lezamara iritsi daiteke, eta Askargan igota Amurriora jaitsi. Hala, Luiaondotik Laudiora itzuliko da txirrindularia. Guztira, 48.7 kilometroko zeharkaldia da, 676 metroko desnibelarekin. Bidaideak Orozkotik Itxina eta Amurriotik Gorobel ikusiko ditu.

Amurriotik Belandiara

Amurrioko plazatik Saratxorako bidea hartuta, Urduñatik Artomañara joatea gomendatzen du Aritz Arberasek bigarren proposamenean. Horretarako, Arbieto futbol zelaitik abiatzen den errepide lasaia aholkatzen du. Aloriako norantza jarraituta, Barrerilla mendateko magalera iritsi behar da, hau da, Lekamañako bidegurutzera. Handik Delikara jo behar da, eta Urduñara itzultzean Belandiako bidea hartu. Hala, Maroñora igo eta bueltan Izoria pasatu behar da. Arespalditza igota, Markijanara jaitsi eta Amurrion bukatzen da ibilbidea. 

Orotara, ezaugarriei erreparatuta, 37.7 kilometro dira, 597 metroko desnibelarekin. 

Aiaraldeari 136 kilometroko bira

Oso entrenatuta daudenentzat, eskualdeari bira emateko modua aurkeztu du Arberasek. Amurriotik Markijana eta Arespalditzara joanda Zuhatza eta Okondora hurbiltzean datza, Gordexolaraino igo eta handik Artziniega zein Angulo zeharkatzeko. Horrela, Añesetik Menagaraira jaitsi, eta Amurriorako tartea osatu behar da bizikletaz. Amurriotik Urduñara  bertaratuta, Barrerilla igo, Murgiatik Altube jaitsi, eta Baranbio, Orozko, Laudio eta Amurrio elkartzeko parada eskaintzen du zeharkaldiak. Luzeerari dagokionez, 136 kilometro dira, 2.400 metroko desnibela barnehartzen duelarik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide