Sopeñako Errege Bideak Gaztela eta Urduña arteko mandoek zein merkatariek egiten zuten ibilbidea erakusten du. Lau etapetan bereizia dago. Lehenbizikoa Urduñatik Añesera doa, eta 19.2 kilometroko luzeera du, 703 metroko desnibelarekin. Iraupenari dagokionez, sei ordu inguru behar dira zeharkaldia osatzeko. Hain zuzen, Urduñatik Antzinako Santutegira joatean datza, handik Lendoñogoitira iritsi, Oletako landa zeharkatu, eta Añesen bukatzeko. Erkametzen, pagoen eta pinuen zuhaizti artetik igarotzen da bidea; eta Maroñoko urtegia, Agiñaga edota Unginoren magala erakusten dizkio ibiltariari. Oletako landetatik, Menoio edo Amurriora joateko aukera ere badago; edota Gorobeleko gailurretara gerturatzekoa (GR- 284.1 adarra hartuta). Bigarren etapak, berriz, Añes eta Artziniega elkartzen ditu. 3 ordu inguru behar dira 8.7 kilometroak egiteko, eta zailtasun errazeko etapa da. Hala, Soañes, Soxo, Soxogutiko errota... bisitatuko ditu bidaiariak harik eta Artziniegaraino heldu arte.
Hirugarren zatiak Amurrio eta Oletar eremua ditu ardatz. Hala, 14.8 kilometroko zeharkaldian Etxegoien, Izoria, Kexaako dorretxea eta Menoio herriak barne hartzen ditu, Oletako zelaira iristeko helburuarekin. 4.5 ordutan gauzatzeko txangoa da, eta 730 metroko desnibela du. Azken etapak, aldiz, aparteko ibilaldia proposatzen du, Oletatik Txarlazo artekoa, hain zuzen. 17.8 kilometroko ibilaldia da, eta bataz beste 6.5 ordu behar dira irteera puntutik (Oletatik) Txarlazora ailegatzeko. Besteak beste, Kobatako artzainen naturbidea, La Ponata erreka, Bedarbide-Solaiera-Txolope mendiak eta Txarlazo lotzen ditu. Zailtasun handiko etapa da, Urduñan edo Lendoñogoitin buka daitekeena.