Urteak 52 asteburu baldin baditu, bostetan izan ezik beste guztietan daude bola txapelketak eskualdean, koronabirusaren pandemia garaian izan ezik. Udaberriko eta neguko oporretan salbu, gainontzeko guztietan egon izan dira kirola praktikatzeko zitak eskualdean. Zaletasunaren eta indarraren adibide da iaz ekainean Euskadiko txapelketa Kexaan (Aiara) jokatu izana, Aiarako Bolatoki taldearen eskutik.
Tradizioa, baina, aspaldikoa da. Juan Antonio Gaya Hernandezen esanetan, Laudioko Arloteak izan ziren bola-jokoan hasi ziren lehenbizikoak, 1966. urtean hain zuzen. Geroztik, talde andana sortu da: Luiaondoko Lekubatze, Laudioko Ruperto Urkijo Kluba, Urduñako Txolope... Bakoitzak bere inguruan jokatu du, dena den. Herriaren handitasunagatik, Laudiok izan ditu bolatoki gehien: Aretan, Ermualden, San Joan Astobitzan, Gardean... "Aldai plazan ere bazegoen bolatoki bat. Pribatuak ziren denak, Altzarratekoa salbu". Tertangan, Urduñan, Kexaan, Lendoñogoitin, Arakaldon... Hamaika txokotan daude egokitutako guneak. Jaien testuinguruan elkartzen dira sarri, baina bilgune guztiek dute gauza bat komunean: jai-giroa. Horregatik elkartzen dira, akaso, horrenbeste herritar. "Jai bat dugun bakoitzean eskualdeko beste herrietako jendea ere bertaratzen da, 60-70 lagun biltzen gara, gutxi gorabehera", adierazi du Jose Luis Sanchez Garciak.
Historian atzera eginez, pilota baino askoz lehenagokoa da bola-jokoa eskualdean Gaya Hernandezen esanetan: "Bolatoki asko zeuden lehen, eta orain oso gutxi geratzen dira. Niretzat Aiarako bola jokoa Aiarako Kuadrillari erabat lotuta dago. Penagarria litzateke instituzioen erruz galtzea", dio. Izan ere, belaunaldi aldaketa dute arazo, haur eta gazteek ez baitute jokoa hautatzen.
Aiarako bola jokoaren garrantzia
XIX.mendera arte Aiarako bola jokoa zen inguruko kirol guztien artean garrantzitsuena, gainbehera hasi zen arte. Bolatokiaren arrapalek bereizten dute, besteak beste, baita bolek ere, Bea Isasik azaldu duenez: "Bizkaikoaren antzekoa da, baina Arabako jokatzeko erekin ez du zerikusirik, beste 6 aldaera daude, atera kontuak". Zehazki, 9 bolorekin aritzen dira, egurrezkoak, pilota barne, "bolatokiak egurrezkoak edo buztinezkoak izan daitezke".
7 bola talde daude eskualdean. Urteko asteburu gehienetan daude bola txapelketak bailaran. Tokiko kirol propioaren aitortza badute ere, belaunaldi berrien falta da egungo arazorik handiena, hainbat elkartetako kideek adierazi dutenez
Isasiren esanetan, garai batean, Aiarako toki guztietan zeuden bolatokiak, "Zuhatzan, adibidez, 7 egon ziren". Egun, aldiz, 13 bolatoki daude bailaran: Laudion 4; Urduñan, Lendoñon, Tertangan, Arrankudiagan, Luiaondon, Kexaan, Beotegin, Arakaldon, Mendeikan eta Artziniegan. Elkarteak, berriz, 5 dira: Laudiokoa, Okondokoa, Luiaondokoa, Urduñakoa eta Aiarakoa. "Arabako txapelketan batzen gara denak", dio aiararrak. Eskualdeko 11 bolatokitan elkartzen dira, eta lehen hamabostak sailkatzen dira Euskadiko txapelketara horrela. "Ligaxka modukoa egiten dugu, jai giroan". Modalitateez galdetuta, umeak lehiatzen dira lehenbizi, eta helduak ondoren, "gizonezkoak batetik eta emakumezkoak bestetik". Edozelan ere, nabarmena da genero desoreka: "%20 gara neskak. Ea emakume gehiago animatzen diren!".
Lehia baino, lagun arteko giroa gailentzen da bola ekimenetan ia beti. Horren adierazle da egun berezien antolaketa, "12 orduz bolotan" jardun zutenekoa kasu.
12 orduz bolotan
Egun erdiz bolotan jokatzea ez da ideia zoroa soilik. Tertangan eta Luiaondon urtero egiten dute. "Laudioko Larrazabal auzoan ere 10 ordu inguru ematen dituzte bolotan, goizeko zortziretan hasita iluntzera arte, geratu gabe", erantsi du Euskadiko txapeldunak.
Aurrera begirako erronken artean "jendea animatzea" da garrantzitsuena, Bea Isasiren iritziz ere. "Belaunaldi eta neska berriak behar ditugu", dio. Ohikoan 6 andre elkartzen dira, nahiz eta noizbait hamarreko taldera heldu diren, "gizonezkoak 50-60 lagun izaten dira normalean, beraz, bistakoa da parte hartzearen desoreka".