Egoerak hala bultzatuta, eraldatuta dator Aiaraldea Hedabidearen udako argitalpena. Aiaraldea Jaietan aldizkaria zena Uda Aiaraldean izatera pasatu da. Aldaketa ez da izenburura mugatu. Udako jai gehienak bertan behera geratu direnez, bestelako eduki batzuk osatzen dute aldizkaria. Eskualdean egin daitezkeen txango, bisita eta planei buruzko artikulu eta argazki-erreportaje ugari topatuko ditu irakurleak, ezohiko uda honetan ere zer gozatu dagoelako.
Aldizkaria gaur iritsi da inprentatik. Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkideek ale bana jasoko dute etxean. Hala ere, datozen egunetan eskualdeko kale, saltoki, taberna zein bestelako txokoetan ere egongo da eskuratzeko aukera, doan.