Gaur goizean jokatu dira Gasteizen Andra Mari Zuri pilota txapelketako finalak. 5 aiaraldear egon dira lehian eta denak itzuli dira txapelarekin. Iker Larrazabal eta Garat Arregi amurrioarrek senior kategorian lortu dute. Bikoteak Uribe-Markaida menderatu ditu 22-8 puntuazioa erdietsita.
Larrazabalek berak azaldu du hasiera erraza izan dutela eta 11-0 jarri direla, baina gero aurkariak puntuak egiten hasi direla.
Asier Sanchez laudioarrak eta Aner Salazar amurrioarrak gaztetxoen kategorian jokatu dute finala eta nagusitasuna ere erakutsi dute: Sanchez-Salazar 22 Aranburu-Formoso 5.
Azkenik, Axular Alonsok ere garaipen argia eskuratu du gazteen kategorian: Diaz de Gereñu-Alava 7 Alonso-Arriolabengoa 22.
Berez, aurreikusitakoa bete da, eskualdeko pilotariak baitziren faboritoak. Aurtengo txapelketa ez da ohikoa izan, orain arte Gasteizko Foru Plazan jokatzen baitzen eta aurten, COVID 19a dela eta, Zaramagako frontoian lehiatu behar izan da.