Hondakinak biltzeko neurri eta gomendio sorta plazaratu du Aiarako Kuadrillak, COVID-19aren pandemiak sortutako ezohiko egoera dela eta.
Bolumen handiko objektuak jasotzeko zerbitzua “arduraz” erabiltzeko eskatu du erakundeak. Zerbitzu hori eskatzeko 900 101 476 telefonora deitu edo “linea berdearen APPa” baliatu behar da.
Garbiguneei dagokionez, bakarrik joateko deia luzatu du Kuadrillak. “Instalaziorako sarrera arautu egingo da, barruan behar diren segurtasun-neurriak bermatzeko”. Hiri-hondakin solidoen bilketari dagokionez, zerbitzuak indarrean jarraitzen duela nabarmendu du erakundeak, eta garbiketa-lanak “bereziki” indartu direla.
Jarraibideak
Horrez gain, hondakinak kudeatzerako orduan jarraitu beharreko pausoak gogoratu ditu Kuadrillak: poltsak edukiontzietatik kanpo ez uztea. Etxean positiboak dituzten edo berrogeialdian dauden bizilagunei hondakinak birziklatzeko ez bereiztea eskatu diete, eta zaborra bota aurretik zein ondoren eskuak ondo garbitzea.
Horrez gain, Kuadrillak aipatu du zaborra kudeatzen duen enpresak “zenbait barne-protokolo” ezarri dituela, “langileen eta herritarren artean koronabirusa ez ugaritzeko”. Gauzak hala, osasun-jarraibideak betetzeko deia luzatu die erakundeak herritarrei.