Arabako administrazio batzarretan emakumeen lidergoa sustatzeko ikastaroa egingo dute

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 1a, 07:10
Aiarako edota Aloriako emakumezkoek ere parte har dezakete ikastaroan./ Aiaraldea.eus

Irailetik abendura arte luzatuko da ikastaroa, Arabako kontzeju eta administrazio batzarretan emakumeen parte hartzea areagotzeko.

Arabako Kontzeju Elkarteak, Arabako Foru Aldundiak eta LAIAEskolak lidergo eta coaching tailerra antolatu dute lurralde historikoko administrazio batzarretan ordezkari diren emakumeentzat. Izena emateko epea irekita dago jadanik eta helbide honetan egin daiteke.

Maru Sarasola adituak eskainiko du trebakuntza, eta azaldu du ekimena estrategia zabalago baten barruan kokatu behar dela: "Asmoa da emakumeak diren ordezkariak ahalduntzea, administrazio batzarrak gizonezkoen tokiak izan direlako eta euren moduak dituztelako gauzak egiteko. Emakumezkoen lidergoa sendotu nahi dugu, baita euren konfiantza ere. Epe luzera, helburua da sarea sortzea, esperientziak partekatzeko eta arazoak konpontzeko elkarlanean".

Berez, gazteleraz izango dira saioak,  16:30etik 18:30ak arte, irailaren 14an eta 21ean, urriaren 5ean, 15ean eta 26an eta azaroaren 6an. Hori lehen ikastaroari dagokionez. Bigarrena azaroaren 16an, 23an eta 30ean eta abenduaren 9an, 14an eta 21ean izango da.

Printzipioz, parte hartze presentzialari emango diote lehentasuna, besteak beste, Arabako landa eremuan ez dagoelako beti bermatua Internet konexio egokia, baina beste aukerarik ez balego, on-line izango da trebakuntza.

Emakumeen presentzia eskasa

Ikastaroaren beharra erakusteko, Laia Eskolak azaldu du egungo kontzejuetako hautetsien artean soilik %24,6 baino ez direla emakumezkoak. Horrez gain, 2017ko hauteskundeetan administrazio batzarren %45,7ak ez zuen emakumezko ordezkaririk izan. Gainera, 48 kontzejuk ez dute inoiz emakumerik ardura karguetan, eta tokiko erakunde horien %54,28ak ez du inoiz hautatu andrerik presidente gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide