Plazetan mobilizatzeari ekin diote berriro Aiaraldeko pentsiodunek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 7a, 17:48

Mobilizatzeari ekin diote berriz eskualdeko pentsiodunek Laudion, Amurrion eta Artziniegan, eta astelehenero errepikatuko dute zita. 

Hezkuntza zentroentzat soilik ez, pentsiodunen mugimenduarentzat ere gaur hasi da ikasturtea.  Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburutan eta 70 herritan egin ditu elkarretaratzeak gaur eguerdian Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.

Laudion, Amurrion eta Artziniegan ere entzun dira pentsio duinen aldeko aldarriak. “Bizitza asko dugu aurretik eta gauza asko aldatu behar dira hurrengo belaunaldiei gizarte justu, solidario, iraunkor eta osasuntsua uzteko”, ohartarazi dute mobilizazioetan, eta nabarmendu dute “zaintzen” zein “kalean borrokan” jarraituko dutela.

Pandemiak “aurpegi bikoitza” duela azaldu dute: “gaixotasunaren aurpegia eta pobreziaren aurpegia”.

Egoitza asko oraindik leku seguruak ez direla salatu dute, ez direlako “beharrezko neurriak eta baliabideak” hartu. Gauzak hala, autonomia erkidegoetako zein estatuko aurrekontuetan “pentsiodunen mugimenduaren ahotsa eta aldarrikapenak entzun eta aintzat hartzea” eskatu dute.

Herritarren diru-sarrerak geroz eta murritzagoak direla gaineratu dute pentsiodunek, osasun zein ekonomia krisien ondorioz. Pentsioak jasotzen dituzten emakumeen egoera are latzagoa dela nabarmendu dute;  “gainera, aitortu eta ordaindu gabeko zainketa lana ugaritu egin zaie”. 

“Banku Zentralek zirkulazioan jarri dituzten bilioika euroak aipatzen dituzte gobernuek, baina osasun-sistema eta sistema sozio-sanitarioa ez dira asistentziaren kalitatea hobetzen ari”, salatu dute, “azken bi urteetan entzun ditugun promesa eta ipuin berberak entzungo ditugu berriz ere; baina ez dugu beste promesarik nahi, pentsio publiko duinen sistema publikoa bermatuko duten egitateak nahi ditugu”. 

Gauzak hala, hurrengo asteetan ere mobilizatzeko deia luzatu dute.

Argazkiak: Roberto Arribas eta Txabi Alvarado

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide