Ezarri nahi dituen baldintzak onartzeko urriaren erdialdera arteko epea eman zien atzo Tubacexeko zuzendaritzak sindikatuei

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 10a, 19:38

Tubacex taldeko langileen mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Asteazkenero bilduko dira gaurtik urriaren erdialdera arte langileen batzordea eta Tubacex enpresako ordezkariak. Momentuz, hurrengo asteko manifestazioa mantendu dute, 19:00etan izango da Laudion eta 15:00etan ibilaldia egingo dute Amurriotik.

Atzo bilera egin zuten Tubacex enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek, inolako akordiorik gabe. Taldeko ordezkariek adierazi zieten langile antolakundeei urriaren erdialdera arte emango dietela epea euren baldintzak onartzeko edo proposamenak egiteko.

Epea behin bukatuta, zuzendariek aurreratu dute indarrean jarriko dituztela iragarritako neurri guztiak.

150 kaleratze eta 37 azpikontratatu

Tubacex taldeko zuzendaritzak azaldu du TTI Amurrion eta TTI Laudion 122 behargin kale gorrian uzteko asmoa duela. Euren esanetan, 27 lanpostu azpikontratatuko dituzte. Aceralavan -Amurrion ere-, 28 langile botako dituzte eta 10 azpikontratatu.

150 kaleratzeak ekiditeko, zuzendaritzak exijitu die langileei lan ordu gehiago lan egitea, plusak murriztea eta soldata mailak jaistea, besteak beste

Hori ez gertatzeko, enpresak hainbat neurri proposatzen ditu beharginen egungo baldintzetan; urruntasun eta soldataz kanpoko plusak kentzea, absentismoari aurre egitea ikerlari edo borodantezko altekin, soldata mailak jaistea, lan ordu gehiago ezartzea urtero 1.656 izateko, edota 4. eta 5. txanden balioa murriztea, sortutako opor egunak ere txikituta, besteak beste. Gainera, balio handiko lanpostuak azpikontratatzeko xedea ere jarri du mahai gainean enpresak.

Momentuz, zuzendaritzak eta sindikatuek batzarrak egingo dituzte asteazkenero, eta enpresak eskatu die proposamenak prestatzeko.

Mobilizazioa hurrengo astean

Printzipioz, langile batzordeak berretsi egin du irailaren 17an egingo duen protesta, ostegunean hain zuzen.

15:00etan ibilaldia abiatuko dute Amurrioko Udaletxetik, eta Laudiora joko dute. 19:00etan, ordea, manifestazioa aterako da Laudioko Tubacex enpresako lantegitik.

Hurrengo astean ibilaldia eta manifestazioa egin ez ezik, udalen babesak jasotzeko bilerak abiatu ditu langile batzordeak

Uztailean sindikatuek deialdia zabaldu zuten eskualdeko sektore sozial eta ekonomiko anitzak batzeko. Izan ere, 150 langile kaleratuko balituzkete, eragina nabaria izango litzateke Aiaraldeko ehun ekonomikoan.

Gauzak horrela, enpresa batzordeak bilerak hasi zituen atzo udal gobernu taldeen babesa erakartzeko. Atzo Aiaran izan ziren, eta gaur beste udaletan egongo dira. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide