Julen Latorre izan da gaur Arabako Txapelduna, eta Euskadiko 2. sailkatua Baranbion 23 urte azpiko kategorian

Julen Latorre Gulias ez da izan eskualdeko txirrindulari bakarra podiumera igotzen. Izan ere, Iñaki Guaresti baranbioarra 3. sailkatu da Arabako Txapelketan 23 urte azpiko kategorian.

Gaur goizean Baranbion Arabako eta Euskadiko Txapelketak izan dira lehian, elite eta 23 urte kategorietan. Arabako elite txapelketa bertan behera geratu da. Berez, txirrindulari gutxik eman dute izena, eta lasterketa utzi dute amaitu baino lehen.

Edonola ere, 23 urte azpiko kategorian uzta ona izan dute Aiaraldeko kirolariek. Berez, Julen Latorre Gulias gailendu da Arabako Txapelketan, eta 1. postuan bukatu du proba. Aiarabike Trek Electroalavesako beste lasterkari batek ere amaitu du lasterketa podiumean, Iñaki Guaresti Remirez de Ganuzak, hain zuzen. Azken hori baranbioarra da, gainera.

Lortutako emaitzak Julen Latorreri Euskadiko 23 urte azpiko txapeldunordea izateko balio izan dio, izan ere, Xabier Berasategi Garmendia izan da onena esparru horretan.

Eliteko Euskadiko Txapelketari dagokionez, Iker Eskisabelek eraman du txapela etxera.

Kuskumendi taldea antolatzaile

Probaren antolaketa Kuskumendi talde amurrioarrak hartu du bere gain eta oso pozik agertu dira. Iñaki Pinedo presidenteak azpimarratu du Ertzaintzak berak zoriondu dituela dena primeran joan delako eta nabarmendu du eskualdeko hainbat talderen elkarlanari izan dela: Aiarako, Laudioko edota Artziniegako klubek lagundu dute bidean.

Lasterketari dagokionez, Pinedok aipatu du oso lehiatua izan dela: "Ihesaldiek ez dute abantaila askorik lortu eta berehala harrapatu ditu tropelak. Ondorioz, Garrastatxuko aldapan erabaki da txapelketa. Jende asko zegoen bidean eta oso polita izan da amaiera".

Argazkiak: Aitor Aspuru, Oscar Tronko

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide