AIARALDEKO ERNAIKO KIDEAK

“5.200 euro eskatzen dizkigu Tubacexeko zuzendaritzak, lan heriotzak salatzeko eginiko ekintzengatik”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 16a, 12:30

ERNAI GAZTE ERAKUNDEKO Aiaraldeko sei kide daude epaiketaren zain, iaz Tubacexeko lan heriotzak salatzeko eginiko ekintzengatik.

Duela urtebete hainbat ekintza egin zenituzten Tubacexen jazotako lan heriotzak salatzeko. Zein zen testuingurua?

Edozein langile bere lanpostuan hiltzea bada kalera irteteko arrazoi nahikoa. Baina ez hori bakarrik.  Eskualdean 10 hilabetean zortzi langile hil dira, eta Tubacexen ere hamaika lan istripu egon dira azken urteetan. Iazko udan bi langile izan ziren erailak Tubacexen: Laudion lanean zegoen 25 urteko gazte bat eta beste langile bat gero, Aceralavan. 

Hori icerbergaren punta baino ez zen, gainera. Eskualdeanbizi dugun prekarizazio egoera gorantz doa, geroz eta prekarioagoak dira lanak, eta horrek gazteak inplikatzen gaitu zuzenean. Tubacexek sekulako propaganda zeukan Dual programarekin, zeinen bidez gazte asko  bideratu diren enpresa horretara, gerora lana eskuratuko luketelakoan. Baina enpresara iristean prekarietatea, lan baldintza kaskarrak, istripuak eta hildakoak dira. 

Bienbitartean, egoera lasaiegia zegoen eskualdean. Guztiz normalizatua zegoen eskualdeko langileria lanera joan eta etxera pinu kutxa batean itzuli zitekeela. Horri erantzuna eman behar zitzaion, eta hortik garatu genituen ekintzak. Egoera hori ez normalizatzeko hautua hartu genuen orduan, Ernaiko militante bezala. Prekariettea, lan istripuak, heriotzak... eguneroko  ogia bilakatzen ari ziren eta iruditzen zitzaigun ezin ginela besoak gurutzatuta geratu. Orduan erabaki genuen gure gorputzak ere inplikatzea prekarietatearen aurkako bataila horretan. 

Lehen ekimenak 25 urteko gaztea hil zenean egin genituen, Dualeko ikaslea zena. Laudioko kale nagusia moztu genuen eta Amurrioko lantegiko sarreran ere jarri ginen, izen eta abizenak jarriz erailketa horien erantzuleei.

Tubacexeko zuzendaritzaren salaketa jaso zenuten gero eta epaiketaren zain zaudete orain. Nolakoa izan da prozesua?

Ekintzak egin genituenean momentuan identifikatu gintuzten, eta salaketa jaso genuen enpresaren partetik. Salaketa horrekin zuzendaritzako kideek gu jarri nahi izan gintuzten begi-puntuaren xedean, euren zabor guztia estaliz. 5.200 euro eskatzen dizkigute kalte-ordainengatik.

Guk egin duguna langileariaren bidezko aldarrikapenak kalera ateratzea izan da, gaur egungo lan baldintzak eta heriotzak desnormalizatzea. Ez dugu zerbait normaltzat hartzen, eta inork ez luke egin beharko. 

Zein fasetan dago epaiketa?

Instrukzio fasea amaitu da eta epaiketaren zain gaude. Guk egindakoa aitortu genuen epailearen aurrean, eta berriz egingo genukeela diogu, bidea hori dela uste dugulako. Garai latzak datoz eta denok batzeko eta aurrera begira borrokatzeko unea da.

Denborak arrazoia eman digu. Tubacexek bere praktika esplotatzaile berdinekin jarraitu du. Agerian geratu zen hori COVID-19aren pandemia hasi zenean, enpresak produkzioa mantentzea erabaki baitzuen, langileen osasunaren gainetik jarriz. Agerian geratu zen baita ere detektibe pribatuak kontratatu zituenean langileen atzetik joateko, eta orain ere geratu da agerian, pandemiaren aitzakipean 150 langile kaleratu nahi dituenean. Garai ilunak datoz, eta ez bakarrik Tubacexera. Gauzak hala, duela urtebeteko mezu bera berresten dugu: egoerari erantzuteko modu bakarra egoerari aurre egitea eta antolatzea dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide