ERREPORTAJEA

Kirol denboraldi berria, jokoz kanpo?

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 18a, 07:00

Amurriok irabazi zuen Arabako herrien arteko pilota txapelketa, uztailean. / Asier Amondo

COVID-19 birusak eragindako pandemiaren ondorioz kolokan dago ikasturte berria, kirol jarduerei dagokienez. Eskola kirolak ez dira hasiko udazkenean, eta osasun zein prebentzio neurriak bermatzeko elkarteen jarduna egokitu behar izan dute klub gehienek.

Hankaz gora jarri du bizimodua koronabirusak azken hilabeteetan. 2020ko denboraldia da horren lekuko: martxoan eten behar izan zituzten liga eta proba gehienak osasun egoera bermatzeko; eta udazkenak ez du itxura onik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailek gomendioak plazaratu dizkiete elkarte eta eragileei. Ondorioz, Eskola Kiroleko jarduerak ez dira hasiko egungo egoera hobetu eta ohi bezala aritzeko aukera egon arte. Hala adierazi du Urduñako Pilotazale Elkarteak: “ Momentuz ez digute entrenamenduak hasten utzi”. Baimena jasotzean itzuliko dira frontoietara ofizialki, “ordura arte guztiok zaindu beharra dugu”.

Herriaren Pilota Elkarteak, Eskola Kiroletik harago, ikasturtea abiatzeko konpromisoa hartu du. Alabaina, gehienez 8 laguneko taldeak osatuko dituzte. Guraso eta ikasleekin bilera irailaren 11n egingo dute 19:00etan Aretako frontoian, hartu beharreko neurriak azaldu eta denboraldia antolatzeko. Bien bitartean, lagunarteko partidak eta herrien arteko erronkak prestatu dituzte uda sasoian, pilotariak plazaratzeko. Oraintsu burutu dute, esaterako, Orozko eta Laudio herrien arteko erronka.
Saskibaloia, igeriketa, eskubaloia, irristaketa, mendi taldeak... Asko dira Aiaraldean ekintzak eta taldeak aurrera eramaten dituzten eragileak.

Eskola Kiroleko jarduerak ez dira hasiko egungo egoera hobetu eta ohi bezala aritzeko aukera egon arte

Mendi taldeek, adibidez, bertan behera utzi dituzte udako txangoak, Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta taldeak zein Urduñako Txarlazo elkartekoek kasu. Amurrioko Mendiko Lagunak Malloetan izan ziren uztailean, baina gainontzeko irteerak ez dituzte gauzatu. Andoni Elejalde kidearen hitzetan, datozen hilabeteetan ekintza jakinak eskaini nahi dituzte: Aterpe eguna, mendi jardunaldiak eta urte bukaerako Iturrigorrira irteera. “2021. urteari begira ez gara oraindik jarri, jakina”, zehaztu du.

Futbolean, berriz, denboraldiaurreak baztertu behar izan dituzte zenbait taldek, Laudioko Altzarratek horien artean. Orozkoko Atxulaur taldeko Roberto Santa Cruz lehendakariaren aurreikuspena halakoa da: “Aste honetan jakingo dugu federatuen liga egongo den edo ez. Oraindik ezin dugu entrenatu, protokoloak eratzeko zain gaudelako. Bizkaiko lehendakariekin bilera deituko dute laster, egoeraren berri emateko”. Egoera bera da eskualdeko zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kirol talde guztientzat.Antzerakoa da saskibaloiaren egoera. “Panorama zaila dago. Diputazioak atzera bota du Eskola Kirola. Kiroldegia irailaren 14an irekiko dute, eta federatuak soilik hasiko dira entrenatzen. Liga, azaroaren 8 inguruan abiatuko da, Diputazioak esan duenez”, aipatu du Oskar Muñoz Sugarrakeko ordezkariak. Eskubaloi taldearekin batera prestatzen ari dira protokoloa udalari aurkezteko. “Federatuen entrenamenduan kontaktua murriztu beharko da, lehen astean prebentzio neurri zorrotzak jarri beharko dira, pixkanaka hasiko gara”, erantsi du.

Parapente eskola edota hockey taldeak martxan jarri dira dagoeneko, eta Laudioko Atletismo Taldeak ere badu normaltasunez jarduteko itxaropena

Trail taldeen norgehiagokak baztertu egin dira hilabete hauetan, eta horrenbestez, norbanako gisa segiko dute kirola praktikatzen. Dena den, kideak ugaritu dituzte. Sare sozialak dira horren adibide, partaideak bertan aurkezteko joera areagotzen ari baita azkenaldian.

Alberto Talledo Laudio Atletismo Klubeko lehendakariak normaltasunez jardutea espero du, “horretarako protokoloak osatzen ari gara entrenamenduak Eusko Jaurlaritzak agindutakora egokitzeko”. Funtsean, atleten arteko distantzia mantendu beharko dute, baita garbiketa eta desinfekzio sistema ere. Alabaina, gorputzeko tenperatura neurtu beharko dute uneoro, eta gehienez 10 laguneko burbuilak eratu ahalko dituzte.

Denboraldi-aurreak baztertu behar izan dituzte zenbait futbol taldek

“Zortearen menpe”

“Denboraldia zortearen menpe dago, ezjakintasuna da nagusi”, dio Talledok. Hori da bere kezka nagusiena, “kutsatu kopuruaren menpekoak gara, horregatik zorrotzak izan beharko dugu garbitasun eta distantziekin, ez da aski koronabirusean negatibo ematea”. Ezegonkortasunaren aurrean, errealitate gordina azaleratu du: “Denboraldia, lasterketak... etengo al dira? Eguneroko ezjakintasunarekin elkarbizitzen ikasi beharko dugu”.

Banakako kirolak, aurrera

Txirrindularitzak, herri kirolek... aurrera egin dute, ordea. Taldeen ordezkari baina banaka aritzen diren aiaraldearrek denboraldiarekin jarraitu dute. Herri kirolen Arabako Txapelketa, adibidez, oraintsu jokatu da Laudion eta Artziniegan.

Aiarako Txirrindularitza Elkartea ere lasterketaz lasterketa ibili da udan. Ziklokrosa, aldiz, eten egin dute; Urduña zein Laudioko nazioarteko probak barne.
Urduhegan parapente eskolak, berriz, eutsi egin dio ohiko martxari: “Hegan egiteko denboraldia martxotik urrira da normalean. Beraz, hasieratik hasi ginen hegan egiteko klaseetan mugatuta, ekaina-maiatza aldean”. Fili irakaslearen esanetan, euren gain hartu behar izan dituzte ardura guztiak, “erakundeen inolako laguntzarik gabe”. Eskuen garbiketa, maskarillen erabilera zein material guztiaren desinfekzioa dira neurrietako batzuk. “Udal eta erakundeen aldetik ez dugu laguntza handirik jaso”, salatu du. Bai, ordea, parapente elkarte eta eskolen partetik, “ondo komunikatu gara, eta horrela lortu dugu ahalik eta ondoen zaintzea guztia”. Oztoporik handiena “normaltasun berrian” hegaztien babesguneak errespetatzea ere bada eurentzat: “Klima aldaketagatik apiriletik urrira luzatu da gure denboraldia, eta denboraldi bete-betean harrapatu gaitu koronabirusak ere”. Horrenbestez, protokoloak aplikatuta jarraituko dute hegan, “gomendio guztiak kontuan hartu eta irakasleak zaintzen”.

Trail taldeen norgehiagokak baztertu egin dira

Bestelakoa da hockeyaren egoera. Duela 2 aste elkartu ziren Gardeako zelaian Ganbegi eta Satorrak taldeak. Arabako Federazioko Hector Borgek jakinarazi duenez, beterano, gazte eta lehen mailako taldeak entrenatzen hasi dira. “Partidak ez dakigu egongo diren, baina entrenatzen gaude jada, protokoloak eginda”.

Denbora hegan doan garaietan, beraz, kirol denboraldiak zintzilik darrai.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide