Otueta gizarte etxeko eskailerak ortzadarraren koloreekin margotu ditu Luiaondoko Administrazio Batzarrak. Bi helburu bete nahi izan dituzte ekintza horrekin. Alde batetik, gaur egungo “errealitate grisa” koloreztatzea eta alaitzea eta, bestetik, herrian dagoen aniztasuna “mahai gainean” jartzea.
“Luiaondo osatzen dugun pertsonak oso ezberdinak gara, mila kolorekoak, eta hori islatu nahi izan dugu hainbat pertsonek erabiltzen dugun espazio horretan”, azaldu dute administrazio batzarreko kideek. Gauzak hala, LGTBI kolektiboaren ikurrak baino kolore bat gehiago baliatu dute eskailerak margotzeko. Luiaondoar guztiak identifikatuta sentitzea nahi dute horrela, “inor kanpoan geratu gabe”. Horrez gain, "Ongi etorri" mezua idatziko dute laster eskaileraren bi alboetan, “inguruko hainbat hizkuntzatan”.