22 ekintza egingo ditu Laia Eskolak ikasturte honetan Aiaraldean

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 16a, 08:55

Urritik ekaina bitarteko programazioa aurkeztu dute Aiarako Emakume Gelan. "Laia birtuala" egitasmoaren berri ere eman dute.

Koronabirusaren ondorioz, zenbait jarduera egokituta itzuliko da Aiaraldera Laia Eskola. Atzo aurkeztu zuten Aiarako udaletxean ikasturte berriko programazioa. Orotariko gaiak jorratuko dira aurtengo edizioan: emakumeen ahalduntze teknologikoa eta soziala, irakurketa klub feministak, autodefentsa tailerrak, identitatea, kultura...

Iñigo Pinedo Aiarako alkateordeak azpimarratu zuenez, laugarren edizioa izango da aurtengoa. Horrez gain, online formatua izango du nobedade. Ohi bezala, ordea, erakundeen arteko elkarlana ardatz hartuta osatu dute programa . "Aiaran espazio fisiko eta propioa dugu aipatutako dena garatzeko, Aiarako Emakumeen gela", nabarmendu zuen ordezkariak.

Nerea Melgosa Arabako Foru Aldundiko berdintasun zuzendariak ere hartu zuen parte ekitaldian: "Laia Eskola guztiok gara. Urte gogorra izan da aurtengoa, Covid19 medio, proiektu asko bota baitira atzera. Horregatik, berdintasun teknikarien lana eskertu nahi dut, Laia plazara bultzatzeagatik".

Eskualdeari keinu eginez, Arabako emakumeen lehen espazioa Aiarakoa dela goraipatu zuen, "Laia Eskolak indar berezia hartu du geroztik". Bestalde, Arabako berdintasunaren aldeko beste zenbait proiektu aipatu zituen, bidean datozen bosgarren Berdintasun Plana edota LGTBI kolektiboari buruzko ikerketa kasu. Hala, emakumeei ez ezik, gizonezkoei ere dei egin zien "Aiaraldeko eta Arabako proiektuak ezagutzeko, eta aldameneko kuadrilletako jardueretara batzeko".

Azaroaren 6an egingo da Aiaraldeko Berdintasun Topaketa Okondon. Aurten, baina, online bidezkoa izango da, eta emakumeen ahalduntze teknologikoa landuko dute

Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakariak, berriz, haraneko ekarpenak ekarri zituen gogora, "Berdintasun topaketa" antolatzea, eta tailer praktikoak kasu: "Emakume asko utzi ditu deskonektatuta koronabirusak, beraz, teknologikoki ere ahaldunduko ditugu".

Hain zuzen, azaroaren 6an izango da topaketa Okondon, aurreratu dutenez, "eta birtuala izango da".

Urduña, Orozko, Artziniega, Aiara, Okondo, Laudio, Amurrio eta Artziniegako alkate eta zinegotziek hartu zuten parte agerraldian. Ondoren, Emakumeen Gela bisitatu zuten.

Alkateen adierazpenak

Elkarteekin elkarlanean osatu dute Laia Eskola, nagusiki. Hala nabarmendu zuen Encina Castresanak. Baita Itziar Biguri Ugarte Urduñako alkateak ere: "Azken urteetan indar handia hartu du Mugimendu Feministak kalean, eta instituzioek ere hor egon behar dugu tresnak eskaintzen. Guk galdetegia egin genuen emakumeen prestakuntza beharrak jakiteko".

Autodefentsa feminista eta biobarre tailerra egingo dute hiri bizkaitarrean: "Lotsa kendu eta gure emozio eta sentipenekin jolastuko dugu. Autodefentsa feminista tailerra nahiz eta berriro errepikatu, beharrezkoa da, neska gehiago baitaude".

Ildo beretik, Laia Eskola Aiaraldean garatzeko aukera eskertu zuen alkateak, "Urduñarentzat beharrezkoa da eta oso ondo dago". Nerea Melgosa Arabako Foru Aldundiko ordezkariak erantsi zuenez, Orozko eta Urduñarekin bezala, Trebiñun ere egiten dute salbuespen geografikoa.

Pedro Mari Intxaurraga Sautua Orozkoko alkateak, aldiz, herriko ekintzak kokatu zituen: "Birusaren lehen olatuak eragindako ondorioak kontuan izanda, hurrengo gaiak mahaigaineratu ziren: nortzuei eragingo die gehien kontziliazio edo familia egiturak? Horri erantzuteko ikastaroa egingo dugu otsailetik aurrera. Autodefentsa feminista tailerra ere egongo da, gazteentzat bereziki, 10-14 urtekoentzat". Horrenbestez, denboraren kudeaketa izango dute hizpide Orozkon.

Josune Irabien Marigorta Amurrioko alkateak emakumeen parte hartze eta ahalduntzea izan zituen hizpide: "Programa honen bertuteetako bat lurralde guztira heltzea da, herri txikiek ere paper handia dute. Hiru ekintza egingo dira Amurrion". Alabaina, gazteak gerturatzeko beharraz mintzatu zen: "Urteotako ibilbideak emakume aktiboak eta kolektiboak ahalduntzea eragin du; modu natural batean ahalduntzen doazelako. Gazteen kolektiboek ere Laia eskolan parte hartze aktiboa behar dute, eta gazteen interesen eskaintza hartu da kontuan". Amurrion etxe guztietara bidaliko dituzte eskuorriak, adierazi zuenez.

Joseba Vivanco Artziniegako gobernuburuak eta Aintzane Iturribarria berdintasun zinegotziak azaldu zituzten euren herriko jarduerak. Oro har, sexualitatea izango dute ardatz bertan: "Oraindik bada zer egin eta zer pentsatu jendarte justuagoa egiteko. Taldean eta kolektiboan egin beharko da, horrek du eraldaketarako indarra eta".

Laudioko ekitaldiak Ander Añibarrok aipatu zituen: guztira 4 izango dira. Horien artean daude "Laudio plazara" solasaldiak, edota hilerokoari buruzko topaketa. "Oso ekintza interesgarriak dira. Covidak berdintasunean eta indarkeria matxistan ere eragin du", erantsi zuen.

Hargatik, Udalaren konpromisoa azaleratu zuen, "apustu egiten jarraituko dugu". Hain zuzen, Laia Birtuala ekimenaren barruan "Laudiotik Plazara" antolatuko da, hiru solasaldidun topaketa feministen ziklo birtuala. 

Azkenik, Naiara Otaola Okondoko berdintasun zinegotziak amatasun ereduari buruzko tailerra eta Aiaraldeko Berdintasun Topaketak aurkeztu zituen. "Okondo herri txikia bada ere, berdintasunarekiko konpromisoa handia da, aukera berdinak izan behar ditugu denok eremu guztietan". Bestalde, autodefentsa feminista tailerra ere egingo dute.

Eskualdeko egitarau osoa, dataka

  • "Beste mundu bat posible da" (Yayo Herrero): Irailaren 30ean, asteazkenez, 19:00etatik 21:00etara zainketa lanen berrantolaketaz ariko da ekintzaile ekofeminista Laudioko Kultura Etxean. 
  • Arabako kontzejuetako emakumeentzako coaching eta lidergo lantegia (Maru Sarasola): azaroak 16, 23, 30 eta abenduak 9, 14 eta 21 datetan izango da, gazteleraz. Herria zehaztu gabe dago. Taldearen lehentasunaren arabera erabakiko da aurrez aurre ala online egin.
  • "Amentzako kafea (Silvia Allende): urriaren 2an egingo dute, 18:00etan Okondoko Kultura etxean. Hizkuntza: gaztelania.
  • "HIlekoari buruzko topaketa" (Enara Iruretagoiena): urriaren 14an 19:00etatik 21:00etara izango da saioa, Laudioko Kultura Etxean. Hizkuntza: gaztelania.
  • "Ordu bioleta" irakurle klub feminista (Begoña Etayo): Urriaren 14an aurkeztuko da, eta hileko bigarren asteazkenetan bilduko dira,  18:00etatik 20:00etara Amurrioko Kultura Etxean.
  • "Elikadura zaintzen ekofeminismotik. Proiektu nekazari-ekologikoa bistaratzea" (Setem Hego Haizea): Urriaren 15ean izango da tailerra, Aiarako Emakumeen Gelan 17:00etatik 19:00etara. Elebiduna izango da saioa.
  • Irakurle klub feminista euskaraz (Josune Muñoz): urriak 21ean aurkeztuko da. Hileko hirugarren asteazkenean izango da 17:30-19:30 artean, online. 
  • "Zer gertatzen da emakumeen sexualitatearekin?" lantegia (Miriam Herbón Hernandez): azaroaren 7an izango da Artziniegako udaletxe zaharrean, 17:00etatik 19:00etara. Hizkuntza: Gaztelania.
  • "Indarkeria matxista: Covid19aren beste errealitatea" (Migel Lorente): Laudioko Kultura etxean 19:00etatik 21:00etara izango da solasaldia. 
  • "Biobarrea" lantegia (Elba Ruiz Morales): abenduaren 11n eta 12an izango da Urduñako alondegian, 16:00-20:00 artean ostiralean; eta 11:00etatik 14:00etara zein 16:00etatik 19:00etara larunbatean. Hizkuntza: gaztelania.
  • "Komunikabideen papera krisi honetan" (Lucia Asue Mbomio): Abenduak 16an landuko da gaia Laudioko kultura etxean, 19:00etatik 21:00etara.
  • "Denboraren kudeaketa eta telelana koronabirus garaian" (Cristina Zabaleta Portuondo): Otsailaren 2tik martxoaren 2ra eskainiko dute ikastaroa, astearteetan 18:00etatik 20:00etara Orozkoko Kultura Etxean. Hizkuntza: gaztelania.
  • "Gorputzetik eta emoziotik ahalduntzea" (Laura Urrutia): Aiarako Emakumeen Gelan izango da lantegia, otsailaren 6tik ekainaren 5era hilabeteko lehenengo larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara. Hizkuntza: gaztelania.

Autodefentsa feminista tailerrak

Bestalde, urtero gisa, Maitena Monroyrekin egingo dira autodefentsa feminista ikastaroak eskualdeko herri gehienetan. 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara izango dira saioak. "Online egingo da koronabirusak sortutako egoerari erantzunez emandako osasun gomendioek aurrez aurre egitea eragozten badute", argitu dute. Ondorengoak izango dira datak, herrika:

  • Urriak 3, Amurrio
  • Urriak 31, Orozko
  • Azaroak 7, Urduña
  • Azaroak 22, Laudio
  • Azaroak 28, Okondo
  • Otsailak 27, Aiara
  • Martxoak 13, Artziniega

Afrikako emakumeen zikloa

Azkenik, Afrikako emakumeen zikloa eskainiko dute Amurrioko Kultura Etxean urriaren 23an eta 24an. Bertan emakumeen borrokak eta feminismo beltza landuko dira.

Ostiralean 18:00-20:00etan izango da saioa, eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara. Lehenbiziko jarduerako sarrera librea da, baina larunbateko lantegirako izena eman beharko da.

Horrez gain, Laia Birtuala ekimena ere gauzatuko dute. Ondorengoak izango dira internetez zabalduko dituzten mahai-inguruak: "Zainketaren aberastasun ikusezina" (irailak 17an, 18:30ean), "DeskonfinaChallenge" (irailak 24an, 19:00etan), "Made by women" zineforuma (urriaren 6an eta 13an), "Hirigintza feminista: genero irizpideak eguneroko espazioak diseinatu eta planifikatzeko (urriak 17an, 10:00-12:00), "Emakumeen borrokak Afrikan (urriak 22an 18:00etan), "Elkarrizketa eta estrategia feministak: bizitzaren jasangarritasuna pandemiatik birpentsatzea" (urriak 24, 12:00etan), "Beste zahartzaro bat ezinbestekoa da (Azaroak 10, 19:00etan) eta Laudiotik plazara topaketa feministen ziklo birtuala. Informazio guztia laiaeskola.com atarian kontsulta liteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide