ARGAZKI KRONIKA

Tubacexeko Enpresa Batzordea: "Aiaraldeak enpleguaren aldeko konpromisoa erakutsi du berriro"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 17a, 20:54

"Enplegu duinen defentsan kaleratzerik ez" lemapean egin dute Amurrioko Juan Urrutia plazatik Laudiorainoko ibilaldia. Ondoren, manifestazioak hartu du martxaren lekukoa. 

Tubacexeko lanpostuen defentsan mobilizazio eguna deitu du gaur enpresa horretako Langile Batzordeak. Izan ere, 150 behargin egon daitezke kaleratze arriskuan. Dena den, negoziaketa prozesuan daude uneotan. Datorren astean izango dute bilera langileen ordezkariek eta zuzendaritzak.

Egoera salatzeko mobilizazio eguna izan da gaurkoa. Tubacex enpresak bailaran dituen fabrika guztietan deitu dituzte lanuzteak, eta "erabatekoa" izan da jarraipena. Bestalde, 15:00etan abiatu da Amurrioko Juan Urrutia plazatik langileen martxa. Tubos Reunidos fabrikaren atean, bertako beharginak batu dira martxara. Hala, Laudiorainoko bidea osatu dute.

Manifestazio oso jendetsua

Mila lagunetik gorako mobilizazioa izan da Laudiokoa. Horren adierazle da herriguneko kaleak txiki geratu izana. Herriko plazan egin dute amaiera ekitaldia. Enpresa Batzordeko bi kidek hartu dute hitza: "Eskerrak eman nahi dizkizuegu egun hauetan jasotako laguntzagatik: pentsiodunak, merkatariak, eskualdeko udalak, alderdi politikoak, inguruko enpresak, ikasleak... Azken batean eskualdea osatzen dugun herritar guztiak". Langileen iritziz, "Aiaraldeak enpleguaren aldeko konpromisoa erakutsi du berriro".

Eragile ugariren babesa

Pentsionistek, ELA eta LAB sindikatuek, ESKk edota Ernaik egin dute bat ekimenarekin, besteak beste. Alderdien artean ere babesa izan da nagusi: EAJk, EH Bilduk, Omniak, Orain Amurriok eta Arabako PPk ere egin dituzte adierazpenak sare sozialetan, besteak beste. Ordezkaritza politikoa ere handia izan da. Manifestazioan egon dira, herritarren artean, eskualdeko alkate gehienak (Ander Añibarro, Josune Irabien, Itziar Biguri zein Joseba Vivanco, besteak beste). Adibidez, Aiarako udal osoko bilkuraren hasiera ordua aurreratu dute mobilizazioan parte hartzeko. Halaber, EH Bilduko ordezkariek, EAJkoek, PSE-EEkoek eta PPkoek ere parte hartu dute.

Gaur egun 800 behargin inguru ditu Tubacexek Amurrioko eta Laudioko lantegietan. Zuzendaritzak 150 langileren kostua murrizteko proposamena luzatu die sindikatuei, 10 milioi euro aurrezteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide