AGERRALDIA

EH Bildu: "Aiaraldea sozioekonomikoki suspertzeko plana egingo dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 23a, 13:24

Aiaraldeko EH Bilduko alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute gaur Laudioko Kasinoan, Iker Casanova eta Unai Fernandez de Betoñorekin batera. Eskualdearen ekonomia sendotzeko proposamena aurkeztu dute. Legebiltzarrean jasotako babesa txalotu dute prentsaurrekoan.

Irune Iturbek, Jabi Azumendik, Iker Casanovak eta Unai Fernandez de Betoñok osatuko dute Aiaraldeko suspertze ekonomikoa bultzatzeko lantaldea. "Duela 10 hilabete osatu zen Eusko Legebiltzarrean Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa aztertzeko ponentzia", azaldu du Irune Iturbek. EH Bilduk proposatu zuen egitasmoa, eskualdea berraktibatzeko. 

Langabezia datu larriak

Langabezia egoera larrian dago bailara, EH Bilduren ustez. Irune Iturbek nabarmendu duenez, "abuztuko datuen arabera, Amurrion langabezia tasa %17.6koa da, Laudion %16.2koa, Arrankudiaga-Zollon %8.2koa eta Arakaldon %9.5ekoa". Datuak kezkagarritzat jo dituzte, eta industria eta zerbitzuetako lanpostuen galerak kokatu dituzte bereziki gainbeheraren arrazoitzat. "Epe laburrean etorkizun beltza antzematen da eskualdean", ohartarazi dute. Adibide gisa jarri dituzte enplegua erregulatzeko espedientean dauden enpresak, edota Tubacexen gatazka: "Enpresak 10 milioi euroko murrizketa iragarri zuen eskualdeko lantegietan, eta horrek 150 lanposturen galera ekar dezake". Krisi ekonomikoan Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak eragin dute EH Bildurentzat, ez baitute inbertsio handirik egin enpresen ekoizpen sistemetan eta berrikuntzetan. "Egoerari buelta emateko unea da", nabarmendu du Iturbek.

"Aiaraldea, eskualde ahaztua"

Iker Casanovak EH Bilduren konpromisoa eta kolaborazioa azpimarratu ditu: "Lantalde parlamentarioa eta ponentzia alderdien babesarekin abiatu ziren". Ezkerraldean (Bizkaia) eta Oarsoaldean (Gipuzkoa) ere gauzatu dituzte "talka planak", laguntzeko prozedurak errazteko helburuarekin. "Araban badira egoera larrian dauden zonaldeak, Aiaraldea kasu". Hala, epe laburrerako konpromiso eta konponbideak bilduko dituzte, Casanovaren hitzetan. "Talka plana" beste eskualde batzuetan ere gauzatu dute.

Epeei dagokienez, ikasturte honetan bukatu nahi dute egitasmoa: "Aiaraldea eskualde ahaztua izan da. Zor historikoa dago eskualdearekin, Euskal Herriaren garapenaren motore izan da, eta lokomotor izatetik azken bagoi izatera igaro da. Berrindustrializazioa ardatzetako bat izateko konpromisoa hartzen dugu EH Bildutik".

Unai Fernandez de Betoñok, aldiz, lantaldearen nondik norakoak azaldu ditu. "Helburua plan ahalik eta zehatzena idaztea izango da. Eragile sozial, ekonomiko eta politikoekin bilduko gara: komertzioak, sindikatuak, lehen sektorea... Aritu eta adituak gonbidatuko ditugu Aiaraldea sozioekonomikoki suspertzeko plana osatzeko". 

Prozesuaren emaitza datozen asteetan aurkeztuko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide