Herriaren elkarteak pilotarien aldeko manifestuarekin bat egin du, eskola kirolen atzerapena kritikatzearekin batera

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 24a, 16:53
2019ko topaketa Urduñan egin zuen Baiko enpresak. / Aiaraldea.eus

Herriaren elkarteak pilotariak babesteko testua sinatu du, Pilota Bizi eragileak eginikoa. Hala adierazi dute sare sozialetan.

Euskal Herriko pilotariek ekimen propioa abiatu dute. Izan ere, euren laneko enpresen jarrera salatu zuten zenbait profesionalek. Irailaren 20an -igandean- jakinarazi zuten Unai Lasori ere kontratua eten diotela. Duela zenbait aste agerraldia egin zuten Baiko enpresako pilotariek, zuzendaritzak hartutako zenbait erabaki salatzeko, Berria hedabideak argitaratu zuenez.

Aretako Herriaren Pilota Elkarteak ere babesa eman dio Pilota bizi elkartearen atxikimenduari. Besteak beste, pilotarien jardunak baztertzea kritikatu dute, eta erreferenteak direnak alboratzeak belaunaldi berriengan dakarren frustrazioa mahaigaineratu:

Eskola kirolen atzerapenari kritika

Bestalde, Asier Amondo elkarteko lehendakariak, eskola kirolen denboraldia atzeratu izana kritikatu du sare sozialetan: "Arabako eta Bizkaiko aldundiek debekatu egin dute eskola-kirola, eta Gipuzkoa urriaren 1ean hasiko da. Horren ondorioz, kirolari askok euren kirol-jardunari uko egin behar izan diote, eta larriagoa dena: ez dakite noiz ekingo dioten".

Pandemia hasi zenean eskola galdu zuten, Amondoren arabera, eta udan udalekuak zein jarduerak: "Iraila iritsi da eskolara, ikastolara... itzuli dira, baina bitartean erakundeek, aldundiek, debekatu egiten diete kirola egitea. Prebentzio-neurri gisa, debekatuta dago eskola-kirolean entrenatzea".
 
Amondoren ustetan, ulertezina da protokoloak jarraitu arren eskola-adineko kirolariak ezin entrenatzea. "Eskola kirola ez hasteak kirolariez gain, klubak eta elkarteak hustea ekarriko du, eta horrekin batera ohitura indibidualistagoak sustatuko ditu. Eta hala ez bada, kalean egongo dira: elkarrekin, distantziarik gorde gabe, maskara gabe, eta inork desinfektatzen ez dituen banku, zabu eta txirrista horietan. Aisialdia pasatzeko aukerarik gabe", kritikatu du.
 
Hargatik, hausnarketarako gonbita luzatu die erakundeei: "Klubek eta elkarteek geldialdi hau jasango dugu, baina benetako galtzaileak kirolariak izango dira, ekintza ezagatik eta kirol praktikatik urruntzeagatik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide