Atzo egin zen Tubacexeko langileen eta zuzendaritzaren arteko laugarren bilera. Aurreikusi bezala, ez zen inolako akordiorik erdietsi. Sindikatuek iragan osteguneko mobilizazio jendetsuan aurreratu zuten ez zutela negoziatzeko baldintzarik ikusten, enpresak mahai gainean jarri dituen aukera bakarrak soldatak murriztea edo jendea kaleratzea direlako.
ELAk ohar batean laburbildu ditu bileran jazotakoak. “Ez dugu uste Tubacexeko egoerak langileei horrelako ahaleginak eskatzeko modukoa denik”, nabarmendu du sindikatuak, eta salatu du zuzendaritzak ez duela etorkizunera begirako “berme, itzulgarritasun edo plan industrialik” aurkeztu. “Ez zaigu batere serioa iruditzen eta horregatik berriz egin diogu uko eurek zuzendutako zerbait negoziatzeari”.
PWC aholkularitza enpresa
Zuzendaritzako kideak ez ziren bilerara bakarrik joan. PWC aholkularitza enpresako kide bat bertaratu zen eurekin eta Tubacexeko merkatuaren etorkizuna gordina zela baieztatu zuen. “Bitxia da, esan digute enpresa hori izango dela hau guztia Enplegua Erregulatzeko Espediente batean amaitzen bada memoria teknikoa osatuko duena. Erabateko objektibitatea! Eta ez die lotsa ematen hau guztia bazekitela esateak, ez dela COVID-19aren kontua, denok dakigunean Esmorisek (Tubacexeko aholkulariak) duela gutxi esan zuela errekorrak apurtzeko eta merkatuan ondo posizionatzeko helburua dutela. Dena dira kontraesanak”, salatu du ELAk.
Sindikatuaren arabera, Tubacexeko zuzendaritzak beste bi gauza aipatu zituen bileran: eskualdeko lantegiak errentagarriak ez direla eta petrolioaren etorkizuna oso zaila dela, orain energia berriztagarrien aldeko apustua egiten delako. Horren aurrean, sindikatuak hainbat “egi” jarri ditu mahai gainean: multinazionalak milioi asko irabazi dituela azken urteetan, kutxan 100 milioi euro dituela, zorra kitatzeko gaitasuna duela eta baduela lan karga nahikoa langileak zein aldi baterako 150 beharginak okupatuta izateko.
Gauzak hala, plan industriala exijitu dute ELAko kideek, zuzendaritzak eskualdeko lantegiei begira dituen asmoen berri eman dezan, “bestela dena mugimendu espekulatzaile bat dela pentsatuko dugu”. Era berean, eskerrak eman dizkiete berriz eskualdeko herritarrei, iragan osteguneko mobilizazioan emandako babesagatik: “Gure arazoari ikusgarritasuna emateko lanean jarraitzen dugu”.