AIARALDEKO TEKNIKARIAK

“Gure sektorea beti izan da oso prekarioa, baina egoera honek agerian utzi ditu genituen gabeziak”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 29a, 07:30

BEA SANTOLAYA, EGOITZ PALACIOS, ASIER IBARLUZEA, GOTZON ALDEKOA, JUANKI BURGOS eta RAFA LAMBARRI aiaraldearrek kultur emanaldietan teknikari gisa aritzea dute ogibide. Koronabirusaren krisiak utzi duen babesgabetasun egoeraz mintzatu dira. 

Zein da soinu teknikarien egoerarik ohikoena? 

Egoitz Palacios: Hainbat motatako kasuistikak daude. Badaude autonomoak diren soinu teknikariak, baina gehienak autonomo bezala erroldatzen dira enpresek hori eskatzen dutelako, ez dutelako kontraturik egiten, errazagoa suertatzen zaielako autonomoak kontratatzea. Gero badaude kontratu ez-jarraiak dituzten teknikariak. Lanaldiak sortzen dira eta lanaldi horietarako kontratuak egiten dizkizute. 

Gero badaude ere kontratu luzea dutenak. Antzoki edo aretoetan lan eginez gero, normala da horrelako hitzarmenak izatea; baina kanpoan lan egitekotan, autonomo bihurtu behar zara edo kontratu motzak egiten dizkizute. 

Gure artean mota guztietako kasuak daude: ni jardun erdian nago, eta gainontzekoek behin behineko kontratuak dituzte, autonomoak dira, edo kontratu jarraiak dituzte. 

Teknikariek dituzuen arazo batzuk koronabirusaren krisia baino lehenagotik datoz, ez?

Egoitz Palacios: Bai, gure sektorea beti izan da oso prekarioa. Egoera berri honek erdigunean jarri ditu genituen gabeziak, baina hutsune horiek lehenago ere bazeuden. Gure lanaldiak oso luzeak dira. Maiatzetik urrira arte asko lan egin dezakezu, baina hortik aurrera ez duzu lanik. Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan estatuaren babesa dute teknikariek, eta dirua jasotzen dute lan egiten ez duten hilabete horietan. 

“Egun bakarrean 20 ordu baino gehiago lan egitera iritsi gaitezke udan”

Zenbatekoak izan daitezke zuen lanegunak?

Egoitz Palacios: Hemen gauden guztiak iritsi gara egun batean 20 ordu baino gehiago lan egitera, eta hori ez da  salbuespena. Uda batean behin baino gehiagotan gertatu daiteke hori. Sei egun igaro ditzakezu egun bakoitzean lau ordu soilik lo eginda, egunean 16 ordu lan egiten dituzulako. Ordu estrak ez dizkizute ordaintzen. 

Asier Ibarluzea: Legearen arabera zortzi ordu egin daitezke lan gehienez egun bakoitzean, ordu estrak aparte. Baina gure kasuan, emanaldi bat aurrera ateratzeko ordu gehiago lan egin behar dira nahitaez. 

Koronabirusaren krisiak zertan okertu du egoera?

E.P.: Ni, adibidez, urrian hasiko naiz lanean, baina sei hilabete eman ditut lan egin gabe. Nomina jaso dut enpresa publiko batentzat lan egiten nengoelako, eta horretara derrigortuta zeudelako. Baina gehienak langabezian egon dira azken hilabeteetan. 

“Gure sektorea beti izan da oso prekarioa, baina egoera honek agerian utzi ditu genituen gabeziak”

Nolako uda izan da aurtengoa teknikarientzat?

E.P.: Familia asko bizi dira udatik gure sektorean. Taldeekin birak, kaleko emanaldiak... guzti hori bertan behera geratu da eta familia asko diru-sarrerarik gabe daude.

A.I.: Ilun ikusten ditut hurrengo hilabeteak. Mugak indarrean jarraitzen dute, baina horiek kentzen direnean ere denbora nahiko igaro beharko da betiko erritmoa berreskuratu arte. Nik martxotik irailera betiko erritmoa eramanez gero 100 emanaldi inguru egingo nituzke. Aurten, aldiz, bi egunetan egin dut soilik lan. Lan egin duenak oso une zehatzetan egin du, gutako inor ez da egon jarraikortasunez lan egiten. 

Zer beharko zenukete etenaldiei aurre egiteko?

E.P.: Ikusten ari gara gainontzeko esparrutan normaltasuna berreskuratu dela. Garraio publikoa jendez lepo doa, Espainiako Kongresuan elkarrekin esertzen dira... Espazio irekietan egiten diren emanaldietan, berriz, jendea banatuta egon behar da, protokoloak oso zorrotzak dira, Ertzaintza bertaratzen da ekitaldia baino lehen dena ondo dagoela ziurtatzera... Nik uste dut alde handia dagoela kulturari jarri dizkioten mugen eta beste esparru batzuetan ezarri direnen artean.

Kultura segurua dela aldarrikatu nahi duzue, beraz?

E.P.: Bai. Kultur emanaldiren batean positiboren bat egon izan balitz hedabide guztiek ozen zabalduko lukete. Uste dugu gure sektorea apur bat kriminalizatu dela, ez denean inolako positiborik egon. Kultur ekitaldi batera baldin bazoaz ikusten duzu dena oso zorrotz eramaten dela: eskuak garbitzea, maskara eramatea, distantziak mantentzea...

“Udal gehienetan egon dira murrizketak kulturan”

Ekitaldiak formatu berri horretan egitean datza soluzioa?

E.P.: Bilboko Udalak, adibidez, “Uda kulturala” egingo zuela iragarri zuen, 150 ekintza antolatuz. Baina Bilboko Jaietan bakarrik 200 baino gehiago egiten dira. Gobernu eta erakundeen partetik saldu digute kultura babesten dela, baina ez da egia. Datuak ikusten badituzu argi ikusten da udal gehienetan murrizketak egon direla. 

Bea Santolaya: Pandemian kultura asko kontsumitu da. Telesailak ikusi ditugu, musika entzun, irakurri, streaming bidezko emanaldiez gozatu... Orain bada unea kulturan diharduen jendeari eskua luzatzeko. Taberna eta jatetxeetara joan gara ezarri diguten normalitate berri honetan, eta orain garaia da kulturaren sektoreari ere laguntzeko, berataz asko baliatu baikara. 

Herri eta hirietako kultur zinegotziek kultur ekintza gehiago antolatzeko saiakera egin behar dute, gure ekonomia ere mugitzen hasi dadin. Laguntza txiki hori zor digutela uste dut, pertsona eta familia asko baikara sektore honetan sartuta gaudenak eta babesa behar dugu. Herritarrak emanaldietara etorri behar dira kultura babestera, euren beharra dugu, eta zor digute.

Beste toki batzuetan segurtasun neurriak %100ean bermatuak dauden bezala, antzoki eta ikuskizunetan ere badaude ziurtatuta. Gauzak hala, sei hilabete ezer egin gabe egon diren kultur zinegotziei galdetuko nieke ea zein den betetzen ari diren funtzioa, ez direlako ezer egiten ari egoera bideratzeko. Antolakuntza on batekin eta segurtasun neurriak beteta posiblea da egoerari buelta ematea, herritarrak antzoki eta ikuskizunetara itzuli daitezen. 

Gure sektorea oso ahaztua dago. Hori oso argi ikusi daiteke egiten ari garen manifestazio eta elkarretaratzeetan. Jendeak gu babestea eskatzen dugu. Instituzioek euren esku dagoen guztia egin beharko lukete: sarrerak merkeago jarri, segurtasun neurriak betearazi, erraztasunak eman... martxotik hona egin diren ikuskizunetan ez da positiborik egon. Gauzak gure aldetik ondo egiten ari garenaren seinalea da hori. Tabernetan jendez inguratuta egoteak beldurra ematen ez badigu are beldur gutxiago eman beharko liguke kultur ekitaldi batera joateak, segurtasun distantziak erabat betetzen baitira. 

“Kultur zinegotziei galdetuko nieke ea zein den betetzen ari diren funtzioa, ez direlako ezer egiten ari egoera bideratzeko”

Kultur sortzaileek “greba digitala” egin zuten konfinamenduan. Nolakoa da sortzaileen eta teknikarien arteko harremana?

B.S.: Artistak konturatu dira dugun egoeraz, badakitelako teknikaririk gabe ezingo dutela emanaldirik egin. Sortzaile batzuk laguntza gehiago dituzte, askoz hitzarmen hobea dute. Baina babestu egiten gaituzte, elkarren beharra dugulako. 

Zenbat teknikari zaudete Aiaraldean? Zer nolako bilakaera izan du sektoreak eskualdean?

Gotzon Aldekoa: Duela 25-30 urte genuen egoerak ez du zer ikusirik gaur egungoarekin. Garai hartan segurtasun neurririk gabe lan egiten zen, era basatian. Elektrizitate hartuneek, adibidez, ez zeukaten inolako segurtasun neurririk. Udalak berak elektrizitatea farola batetik hartzeko eskatu ahal zizun, adibidez. Horretan bai egon dela aldaketa bat, hobera. 

Laudion bi pertsona hasi ginen teknikari lanetan, ni eta Juanki. Urduñan, aldiz, Rafa zegoen. Orain, ordea, askoz gehiago gara. Hemen gauden pertsonez gain beste zazpi edo zortzi egon daitezke. 

Orain askoz gehiago profesionalizatu da dena, segurtasun neurri gehiago daude, baina prekarietateak hor jarraitzen du. Lehen diru guztia deklaratu gabe jasotzen zen. Udalek ere hori exijitzen zizuten. Dirua kultur elkarte bati ematen zioten, gero elkarte horrek zuri aitortu gabe emateko. Orain dena deklaratzen da, baina lehen bezala edo gutxiago jasotzen dugu. Ez dugu asko irabazi, prekarietatea hor dago eta inork ez du lana ziurtatuta. 

Oso lanordu gutxi ditugu ziurtatuta, eta gainontzekoa udan egin behar da, bestela ez dugulako jaten. Beste batzuk, “alta-bajan” gaude uneoro, kontratu bat egiten digute emanaldi bakoitzeko. Imajinatu dezakezu horirek zer ekarri diezagukeen erretiroari begira. 

Iparraldera bazoaz, adibidez, oso bestelako egoera topatu daiteke. Bost hilabetez egiten dute lan, eta gainontzekoa langabeziatik jasotzen dute. Hori askoz logikoagoa da. Guk zuzenekoak eta antzerki emanaldiak eskaintzen ditugu, baina badago zuzenekoak soilik egiten dituen jendea, eta ezin dute urtean lau hilabete lan egitetik bizi. 

“Taldeekin birak, kalean egiten diren emanaldiak... guzti hori bertan behera geratu da, eta familia asko diru-sarrerarik gabe geratu dira”

Gauzak hala, lanbidea hobetu da? Bai. Lan-baldintzak? Ez luzera begira. 

Hala ere, mezu baikorra zabaldu nahi dugu. Jendea animatu behar da antzokietara eta kontzertuetara joatera. Beldur orokortua dago herritarren artean, hedabideen bidez zabaltzen ari dena. Beldur hori gainditu behar dugu. Aretoetan baditugu segurtasun neurriak. Jendeari esan behar zaio kultura aurrera doala eta beharrezkoa dela ikusleak joatea, jan behar dugulako. 

Rafa Lambarri: Politikariak bide erraza hartzen ari dira: ekitaldiak bertan behera uztea. Ekitaldiak egiten badituzu segurtasun neurri asko hartu behar dituzu, eta aukera dago positibo bat jazo eta hedabideetan agertzeko. Horretara arriskatu baino nahiago dute ezer ez egitea. Horren ondorioz, jende asko geldirik geratzen da, eta sektorearen ekonomia ez doa aurrera. 

Ausardia da behar dena. Segurtasun neurriak betetzeak lan bikoitza dakar, baina guztiontzako da lan bikoitza. Urduñan, adibidez, Urdufolk jaialdia egin zen duela gutxi, eta bikain atera zen. Baina bikaintasun hori ez da doakoa, baliabide gehiago jarri behar dira eta lan bikoitza egin behar da, dena ondo atera dadin.

Nazioarteko bira guztiak geldirik daudenez, tokiko kultur sortzaileekin kontatu behar da. Nik uste dut ausardia apur batekin eta baliabide gehiago jarrita gauzak lor daitezkeela, gutxiengo batzuetara iristeko. Politikariek ez dute arriskurik nahi hauteskundeei begira, baina guztiok bultzatu behar dugu norabide berean. Bankuei hilabeteko lehen egunean egin behar dizkiegu ordainketak, eta ez dute ezer barkatzen. 

"Duela 25-30 urte genuen egoerak ez du zer ikusirik gaur egungoarekin. Garai hartan segurtasun neurririk gabe lan egiten zen, era basatian"

Gero badaude erakunde batzuk teknikariei prezioak merkeago jartzea eskatu dietenak. Barrea eragiten dit horrek, baina gero seguru asko onartuko dugu gauzak merkeago egitea. Guk beti estutu ditugu gure kostuak, eta bada unea gu bakarrik ez izateko hori egiten dugunak. Arrisku egoera batean gaudenez, beharrezkoa da jendeak ohikoan baino gehiago arriskatzea. 

Juanki Burgos: Amurrioko Udalak saiakera egin du, adibidez. Abuztuan hainbat ekitaldi programatu zituzten, eta azkenean irailera atzeratu behar izan zituzten.

Rafa Lambarri: Urduñako igerilekuetan ere ostegunero egin dira kontzertuak, protokolo guztiak beteta, baina asko estutu dituzte. Ertzaintzaren jokabidea ere nabarmentzekoa da: Ez dakigu zer agindu dituzten, baina asko estutzen ari dira. Ulertzen dut gauzak ondo egin behar direla, baina badirudi ekitaldiak bertan behera geratzea dela euren helburua, segurtasun neurriak bermatu ordez. Protokoloak bete behar dira, baina ekimenak aurrera atera nahi dituen jendea ito gabe. Oreka bat bilatu behar da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide