Asteazkenak COVID-19ak kutsatutako 2 herritar utzi bazituen, atzo 3 izan ziren. Urduñak errepikatu zuen aurreko egunari dagokionez, beste gaixo bat erregistratu baitu. Beste 2 kasuak Amurrion eta Okondon izan ziren. Aipatutako herri guztiek 2 positibo izan dituzte aste honetan.
Edonola ere, badirudi Aiaraldean koronabirusaren zabalpena moteldu dela, nahiz eta ez den guztiz eten. Astea hasi zenetik 8 gaixo berri agertu dira; eta pasa den astean, esaterako, tarte berean 15 izan ziren. Hau da, aste honetan ia erdira murriztu dira positiboak.
EAEn ere atzo datuak hobeak izan ziren. 9.118 PCR analisi egin ostean, 383 kasu berretsi zituzten, asteazkenean baino 135 gutxiago. Asteartean ere gehiago izan ziren kutsatuak, 405.
Atzoko positiboak horrela banatu ziren: 70 Araban, 159 Bizkaian eta 141 Gipuzkoan. Zaintza Intentsiboko Unitateetan 6 lagun gutxiago daude -46 guztira- eta ospitaleratuak 10 gutxiago dira, 268. Horrenbestez, ratioa ere murriztu da, 0,96tik, 0,92ra.
Eskualdeko datuak herriz herri hurrengoak dira pandemia hasi zenetik:
- Laudio: 270
- Amurrio: 179
- Aiara: 76
- Urduña: 70
- Okondo: 13
- Orozko: 35
- Artziniega: 36
- Arakaldo: 0
- Arrankudiaga-Zollo: 2
- Aiaraldea: 678