Saria jaso du Izoriako gaztandegiko “Baserrikoa” gaztak Great Taste lehiaketan. 106 herrialdetako 12.777 produktu aurkeztu ziren norgehiagokara. 144 epaile inguru aritu dira jakiak probatzen, eta 14 aste behar izan dituzte irabazleak hautatzeko.
Erresuma Batuko The Guild of Fine Food elkarteak antolatzen du txapelketa, eta prestigio handikoa da. 1994. urtean egin zen lehenbiziko aldiz, eta nazioarteko saririk garrantzitsuenetako bat kontsideratzen da. Aiaraldeko gaztandegia norgehiagoka horretara aurkeztu den lehen aldia izan da aurtengoa.
Izoria gaztandegiko kideak pozik azaldu dira erdietsitako garaipenarekin. Asteburuan Gasteizko eta Laudioko tokiko produktuen azokan igaro dute, eta etxez etxeko banaketa egiteari ekin diote.