Julen Latorrek eskuratu du Aiarabike Trek Electro Alavesaren lehen garaipena, Lazkaon

Aldapa gogor bat igo ostean iritsi zen Julen Latorre Gulias helmugara. / Aiarabike Trek Electro Alavesa

Azken igoeran, pelotoia aurreratuta, lortu zuen garaipena Aiaraldeko kirolariak. 

Julen Latorre gailendu zen larunbatean Lazkaon eginiko lasterketan. Lorpen esanguratsua izan zen,  Aiarabike Trek Electro Alavesaren lehen garaipena izan baitzen. 

Txirrindulariek 123 kilometroko ibilbidea osatu zuten euripean. Pelayo Sanchez eta Javier Romok ihesaldiari ekin zioten, baina helmugara iristeko 17 kilometro falta zirenean harrapatu zituen pelotoiak.

Azken igoera izan zen erabakigarriena: Une horretan Latorrek indarra hartu eta gainontzeko parte hartzaileak aurreratu zituen, errepide modalitateko bere lehen garaipena eskuratuta. 

Iazko urtea “zaila” izan zela aipatu du txirrindulari baranbioarrak, mononukleosia izan zuelako, eta aurtengo denboraldia “ezberdina” izan dela ere aipatu du. Horregatik, pozik azaldu da lortutako garaipenarekin. 

Indartsu hasi du urtea Aiaraldeko kirolariak. Arabako Txapelduna eta Euskadiko 2. sailkatua izatea lortu zuen Baranbion eginiko 23 urte azpiko kategoriko norgehiagokan. Espainiako Txapelketan ere egon zen kirolaria, eta laugarren sailkatu zen. 

Aiarabike Trek Electro Alavesa taldeko arduradunek, euren aldetik, oso positiboki baloratu dute Lazkaoko garaipena, “talde gazte eta langile bat dagoelako atzetik, ikasteko eta sakrifikatzeko prest dagoena”. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide